HURBILTZEN ari da, eta jango gaitu, masa globalizatua garelako. Koronabirusak erasotzen segitzen du mundu bazter guztietan. Espainian ez omen dute kasu larririk, baina inguruko herrietan alarma piztuta daukate aspalditik. Epidemiari buruzko azken albistea oso deigarria izan da; Italian bat-bateko hilketak gertatu dira, eta pertsona kutsatuen kopurua arinegi igo egin da (ohiko gripearekin bezala, por-tzierto). Birusa bezain arin zabaldu da kezka herrialde osoan zehar, eta gaixotasunari galga jartzeko premiazko neurrien artean, hainbat herritako eskolak edota areto publiko itxi egin dira. Munduko inauteririk ederrenetako batzuk, Veneziako inauteriak, bertan behera gelditu dira. Berez, kaosa sor dezake birus berriak, eta horrexegatik alarmismo ez zabaltzeko deia egin da, neurriak, modu batean edo bestean, proportzioan har daitezen.

Gripe soil batekin hasi zena, askoren ustez, dragoi hilgarri bilakatu da (benetan?). Hain ikaragarri handia da ezen munduko ekonomian eragina izango baitu. Horren ondorioz, G20ko taldekoen ekonomiari 0,1 puntu kenduko dio. Garapen ekonomikoaren balizko desazeleratzeari birus basapiztiaren eragina gehitu beharko diogu. Herrialde askotan enpresa dezente itxi dira, edota bestelako erritmoan ari dira, eta betiko balio altua izan duen urreak ere aldaketa jasango du, bere prezioa nabarmenki igotzen ari baita.

Beldurgarria ez da birus horrek sortu duen gaixoaldia, deskontrol kaotikoa baizik, hedabideek tai gabe handitzen dutena. Hainbat tokitan supermerkatuetako produktuak agortu dira, eta beste leku batzuetan, isolaturiko pertsonak ez dituzte hartu nahi izan, kontagioaren beldurrez.

Ez da inolaz ere histeria kolektiboa zabaldu behar, baina batzuetan, hedabide sentsazionalistek espektakulu informatiboa egin nahi dute. Pantailaratzen diren albisteak kutsatutakoen kantitzeaz ari dira beti, eta oraindik gertatu ez den pandemiaz hasi dira berba egiten, Txinan izurriteak goia jo duenean. Birusak ez ditu bakarrik pertsonak kutsatzen, hedabideak eta ekonomia ere bai. Betiko lez, interesak egongo ote dira horren guztiaren atzean?