Anitzetan, bizi izan ditudan esperientziarik ikaragarrienak animaliekiko kontaktuetatik sortu izan zaizkit. Ekosistema jakin bateko basapiztiekin izandako enkontru bisuala, eta harreman efimero horretan ihesaldirik ez dela egon behar sentitzea ederra da. Mendian askotan izaten ditugu horrelakoak. Malda elurtuetan gora, maluta dezentek kargaturiko pendizetan gora abia-tzen dira sarrioak, ezinean, hanka trebeen ariketarekin sakontasunean hondoratuz. Elurretan marrazki ederrak egiten dituzte horrela. Egoera horretan izan naiz, eta animalia eta biok elkarri begira pasatu ditugu minutu batzuk, beldurrik gabe, nor den nor aztertzen, ia elkarrekiko benetako arriskua ote garen. Tentsio puntu hori lausotzen da gero, eta distantzia ez da hain nabaria, ez da hain fisikoa.

Antartidan harreman hori esponentzialki handitzen da berotasunean eta hurbiltasunean. Pinguinoak uretatik ateratzen dira zutik dabilen hori zer den ikustatzeko. Begirada bera dugu biok, kuriositatez beterikoa, atsegintasunez, beldurrik gabekoa. Eta bertako txoriekin ere antzera, parez pare izan ahal gara, neurrizko abisuak moteltzen diren arte.

Baina hemen, geure inguruan, animaliok ihes egiten dute zeure presentzia barruntatu bezain pronto. Ziztu bizian gainera, espantuka. Gizakiaren esentzia gaiztakeriarekin lotzen dute, harrapariak gara, hiltzaile beldurgarriak. Gizaki estrafalarioak eskopetak ditu, eta tiroka ibiltzen da basoetan barna, ikusten duen guztia akabatzen, zaratots izugarriak sortzen.

Hemen ehiztariek basurdeak, orkatzak, azeriak, usoak hiltzen dituzte, bioaniztasunaren esparrua orekaturik egon dadin. Eta orain, entzun dudanez, Araban gelditzen den azken otsoa ere hilko dute, horretako baimena (baimena?) eman baitu bertako Diputazioak. Otsoak baserritarrek dituzten abere taldeen artean kalte handiak sortzen dituelako kontua zaharra da, eta horren aurrean gelditzen den irtenbide bakarra beste hilketa bat proposatzen da. Badirudi espezimen bi ibili direla Arabako mendietan gora eta behera, eta orain bakarra gelditzen dela. Azken otsoa. Noiz izango gara gu azkenak?