Zirrikituetatik begira

Merkatutik at

03.02.2020 | 06:21

Enpresa batentzat, zailena, bere hartzaile objektiboa nor den jakitea da: nor den, non dagoen, nolakoa den, eta zer eskatzen duen edo zer behar duen jakitea. Kazetaritzaren 5W-en urrezko arauen antzekoa da. Galderak egin eta erantzunekin asmatzea: zure merkatua non dagoen ezagutzea; non izango zaren eraginkorra jakitea; zure zerbitzua edo produktua berritzen, doitzen eta egokitzen asmatzea? Teorian erraza dirudien horrek, bere buruhausteak ematen ditu errealitatean. Merkatua edo hartzaile objektibo hori ez delako masa uniformea, bere eskaria aldakorra delako, eta zure galderen erantzunengan zure esku ez dauden anitz elementuk eta aldagaik eragiten dutelako.

Zure produktua edo zerbitzua kokatu nahian zabiltzan horretan, gainera, zure planteamenduek, zure produkzio kateak, eta zure zerbitzu edo produktuek jasangarriak izan behar dute. Ongizatearen parametroak kontuan hartu behar dituzu, gizartearenak eta enpresako langileenak. Lehiakortasun sanoa bultzatu behar duzu. Bezeroaren eskubide guztiak kontuan izan behar dituzu (datuen babesa, aholkularitza?). Eta, badira, balio batzuk, gaur egun giza legezkotzat jotzen diren printzipio gutxienekoak, bete behar dituzunak: bizikidetza, errespetua, gertutasuna eta berdintasuna.

Printzipio hauek sakon egin dute lekua ezein enpresaren kode deontologikotan. Eremu publikora gatozelarik, anitz dira erakundeak, hartzaile objektiboa litzatekeen gizarte zibilaren parte hartzea sustatzeko mekanismoen bila dabiltzanak. Hartzaile horren ezagutza profitatzeko. Erabakiak hartzeko erabiliko diren prozedurak ahalik eta demokratikoenak izan daitezen. Hartzaileak zer dioen ezagutzeko. Benetan, gure gizarte zibilak zer behar duen jakiteko.

Politikari askok, ordea, muzin egiten die merkatuak eskatzen edo, areago, biztanleek aldarrikatzen dutenari. Entzungor prantatzen dira munduaren aurrean.

Iruñean, alkateak, argi dauka euskaraz bizi, ikasi eta erakutsi nahi duten biztanleak non dauden, zenbat diren, eta zer eskatzen duten. Erraz dauka. Baina bere enpresa ez dago merkatuarekin lerrokatuta.