TXORAKERIA franko ikusi eta irakur/idazten ditugu sare sozialetan eta noizean behin zentzundun zer edo zer ere sartzen da zirrikituren batetik. Egia ala gezurra, auskalo! Hori beste kontu bat da. Berri faltsu edo aspaldian anglotuta gabiltzen ezkero fake news-ak ere nonnahi eta noiznahi, noski. Bata ez bestea izan gabe, arreta edo grazia ematen diguten aforismo edo iruzkinak ere sarri izaten dira. Pentsa arazten digutenak eta, sarri, zure inguruan duzun edozein gauzari eransteko modukoak. Halako batez baliatu nahi dut, aspalditik gehienok asko kezkatzen gaituen arazo batez jarduteko. Gogoetak honakoa dio: "Adin batetik gora goazenean, norbaitek 'maite zaitut' esaten digutenean berehala zertarako? erantzuten diogu". Ez dakit ondo benetako maitasunean sinesmena galdu dugulako edota pertsonengan erabat.

Zerikusi gutxi edo baterez, agian, zirrikitu honetara ekarri nahi dudan atazarekin. Zerikusi gutxi zenbakiekin ere. Azken hauek larriak edota latzak izan arren. Alde negatiboan, oraindik preso dauden ehundaka presoak, gaixorik daudenak eta adinean franko gora doezenak arazoa larritzen dutelarik eta alde baikorrean Baionan eta Bilbon, ohitura bihurtu den urtarrileko bigarren larunbatean, bildu ziren 80.000tik gorako jendetza. Maite dut azken ekintza hau, gorroto dut euskal presoen egoera eta horiexetara bidaltzen dut arestiko galdera, Zertarako? Zertarako biltzen gera milakoa horiek hainbeste urtez, itxuraz ezer gutxi lor-tzen ba dugu horietan? Zertarako mantentzen dituzte preso euskaldun horiek inolako aurrerapenik ez lortzeko?

Asko aurreratu dugu, lehenik, ETAk bere jarduera utzi duelako edo utzi zuenetik, eta bestetik, azken Espainiako gobernu berriak auziari esperantza pixka bat ematen diolako. Manifa bera amultsuagoa izan da, Madrileko erantzuna bezala, baina Joseba Azkarraga politikariak jarri du unearen izenburua: "Hitzetatik harago, ekintzetara joan behar dugu" eta, beranduago baino lehen, euskal presoek dituzten "tratu espezial" horiek ezabatu. Preso egotea bera, aski delako.