GURE belaunaldikook desertu antzeko batean hazi ginen; pentsa, ni alfabetatze ikastaro soil bat egin ondoren hasi nintzen karrera euskaraz egiten, aurreko ikasketa guztiak gazteleraz egin ondoren. Desertu horretan, egia da bazirela bertsolariak, bazela Ez dok hamairu uhinaren bukaera, baina ez ziren nire baitan behintzat identifikazioa lortzeko adina, nik modernoa izan nahi bainuen.

Bernardo Atxaga eta Ruper Ordorika ura bezala izan ziren desertu hartan aurrera egiteko. Ni ez nin-tzen lehengo diskora ailegatu, bigarrenera baizik, Ni ez naiz Noruegako errege hartara. Buruz ikasi nituen letrak, bai diskokoak bai Etiopia liburukoak. Eta horrek bidea ireki zidan, tradizioa irakur-tzeko, Ez dok hamairu berreskuratzeko, bertsolaritza maitatzeko, euskaraz moderno izateko, berriz ere diot, nire helburua, orain barregarria iruditzen zait, modernoa izatea baitzen.

Gabon aurretik urtero eskaintzen du Ruper Ordorikak kontzertua Bilboko Kafe Antzokian, eta bertan bizi naizenetik urtero joaten naiz, eta zer esango dizuet, kanten letrak antzezten dituen jendearen artean, oraindik ere sofistikatu, sexy eta adimentsu sentiarazten nau. Oraindik ere. Oraindik ere niretako pop kontzertu bat baino gehiago da, nire kultura sustraiekin berriz ere topo egiteko abagunea: "bi homosexual bota zituzten arrazoi komer-tzialak zirela medio"; "mendea eta segundua gurutzatzen diren lekua besterik ez izan"; "lagun zaharrekin elkartzen naizenetan". Eta komunitateko sentitzekoa.

Ruper Ordorika popa baino zerbait gehiago dela pentsatu nuen aurrekoan, "I love you" horiek guztiak baino harantzago doala, ez diola inoiz amore eman musikaren bitartez hitz hutsalak botatzeari, beti esan dituela gauzak, eta ongi esan gainera. Eta horrela hitzaren plazera bilakatzen da plazeraren iturri. Eta euskaraz jakiteagatik asko pozten naiz, begira zer ergelkeria, berez etorri zaidan gauza batengatik poztea, esaten diot neure buruari.

Ruper Ordorikaren kontzertu horrek euskotar egiten nau, eta euskotartasun horrek urte osorako irauten dit. (Zutabe hau haren goratzarrea da, bada ez bada ere diot, ze nik moderno izan nahi nuen).