TURISMOA toki guztietan da, turismoaren aroan bizia gara, nahi dugun tokira joan ahala gara nahi dugun eran, eta ardurenean turistaz jan-tzita eta turismoa ez egiteko xedez. Turista aturistikoak gara, nonbait, baina hiriak parke turistikoak bilakatu dira, herritzarrentzako agobioa biderkatuta. Horren inguruan harrituta irakurri nituen prentsako lerro batzuk duela aste batzuk. Badirudi Airbnb plataforma globalizatzilea eta superturistikoak turistek egiten dituzten erreserbak kontuan hartuta, jende horrek jomuga turistikotzat hartzen duen toki xelebrea haizatzen duela, eta datu horiek analizatuta, datorren urtean Milwaukee (AEBak) eta Buriram (Tailandia) hiri kuriosoen artean, Bilbo agertu da. Bilbo? Airbnb plataformak mozkin gehien ateratzen duen hirugarren herrialdea Espainia da, eta kasu askotan, argi ikusten denez, gentrifikazioaren erruz.

Baina hainbeste erreserba egin ahal dira Bilbon? Argi dago zerbait aldatu dela geure hirian, eta hori askoren poztasunerako izango da (txaponez beteko dituztelako poltsikoak), baina kezkatzeko moduko datua ere bada. Izan ere, horrek esan nahi du gazteak eta familiak bizitzeko balio duten pisuak turismoko alokairurako dedikatzen dituztela. Eta horren ostean, beste praktika sasi-aberasgarri bat dator: espekulazioa. Ondorioa? Pisuen prezioaren gorakada maltzurra. Horren kontra prezioak izoztu ahal dira, Berlin hirian egin duten moduan, pisuen galera moteltzeko helburuz.

Horrexegatik etxebizitzen alokairuari langa bat jarri nahi diote zenbaitek, eta moduetariko bat Airbnb horri stop esatea da. Hala egin du Parisko alkatesak, bertan eraikuntza oso batzuk erosten baitira plataforma horrek alokatu ahal izateko, eta bertako andre nagusiak esan du nahikoa dela. Ez hain urrun antzeko dabiltza turismo masiboaren kontra. Adibidez, Euskal Hirigune Elkargoak Lapurdiko kostaldeko herrietan jarduteko mugak jarri nahi dizkio Airbnb plataformaren monopolioari.

Turismoak alde ederrak dauzka, baina turistifikazioak bat ere ez.