JoSEBa Gabilondok bere Populismoaz liburuan analisi interesgarria egiten du Euskal Herrian dabiltzan partiduak psikoanalisiaren traumak elabora-tzeko moduetatik irakurrita. Bistakoa da EAJ partidu hegemonikoa bilakatu dela EAEn, tokitxoa egin du Nafarroan eta erreferente etikoa bilakatzeko bidean dabil Espainia mailan, nahiz eta zirkinik egin gabe babestu Rajoyren aurrekontuak eta Sanchezen mozioa, ustez, ideologikoki antipodetan dauden proiektu bi (nonbait entzun dut hurrengo gobernuan ministro jeltzale bat izango dela).

Gabilondok psikosirantz doazela erabakitzen du analisi horretan. Alegia, haien asmo sozialdemokratak, zeharkako bideetatik, laguntza sozialak, diru banaketa bermatzea, talka egingo dutela botere ekonomikoei aitortzen dizkieten nahi liberalekin, hau da, enpresei gauzak erraz jartzearekin.

Azken urteetako katearen segidan Gipuzkoako zahar-etxeetako gatazka da oraingo katebegia. Asmo sozialdemokraten betebeharrak, zaharrak zainduta izan eta zahar-etxe horiek ahalik eta merkeen izan familia guztiek pagatu ahal izateko, enpresariek zaharrekin ere ahalik eta etekin handiena lortzea bateragarriak dira?

149 greba egun egin dituzte jada, negoziatzen hasteko 2017-2018 urteko soldatak igo eta enpresa guztiek akordioa sinatzea paratu dute langileek lehengo baldintza, eta Markel Olanok langileen eskaerak onartuz gero, sistema ito egingo litzatekeela adieraztearekin batera gutxieneko zerbitzuak %80ra igotzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Zenbatekoa da Gipuzkoako zahar-etxeetatik enpresariek ateratzen duten etekina, eta zenbatekoa litzateke kudeaketa publikoa balitz legokeen tartea? Zera publikoaren alor asko “kanporatzea” erabaki zuen aspaldi EAJk, eta kanporatze horrek langileen baldintzen eskastearekin batera lan gatazka ekarri du: Bizkaiko zahar-etxeak, Alhondigakoa, Guggeheimeko hezkuntza monitoreak...

Bi desira kontrajarrien arteko talkarekin ezin buruturik, psikosiak ez du errealitatea ezagutzen eta eldarnio zoroan lehertu eta aingurarik gabeko mundu alienatuan barneratzen da. Igual, lehenago asmo sozialdemokratak tontakeriak direla erabakiko du EAJk.