Gogoa eman zeureari. Zaila da Frantziako erretreta sistema ulertzea. 47 erregimen desberdin direla azpimarratu dute Estatu Espainiarreko hedabideek, anabasa iradoki nahian. Hona zenbaki batzuk: erretiratze-benetako adina 60koa da (Espainian 62,2koa eta Alemanian 62,7koa); ordezkatze-tasa, erretiratu ondoren soldatarekiko kobra-tzen den ehunekoa, %67,7koa da (Espainian %89,7 eta Alemanian %50koa); BPGrekiko %15 inguru gastatzen ditu estatu frantsesak.

Macronek erregimen bakarra ezarri nahi du, puntukakoa; haren propagandaren arabera kotizazio euro bakoitzak, eskubide berdinak sor ditzan; alegia, kotizaturiko hamar euroko puntu bat lortuko luke langileak, eta urtean hainbeste puntu batuko lituzke, gero urteak baturik puntu bakoitzari 0.55 euroko balioa ezarririk, sortzen den zenbakia zati hamabi izango luke langile horrek hilabeteko soldata.

Eta horrela planteaturik zuzena dirudi, hau da, iraunkortasuna, berdintasuna, justizia eta nahi duzuen mantra neoliberal, are sozialdemokrata, guztia ahoska dezakegu letania moduan. Kontua da orain arteko sistema erreformatzeko ahaleginean hainbat ekonomista zein langileek argi ikusten dutela Macronen erreformak pentsio sistema publikoan aldaketa “errazak” egitea ahalbidetuko lukeela, esaterako, iritzi publikoari ez litzaioke munta handiko kontua irudituko puntu bakoitzeko 0.55 euro eman beharrean, 0.50 ematea, eta pentsio sistema pribatuak kontratatzea bultzatuko lukeela.

Kontua da lanean hasi ginean ez zitzaigula langileoi beste nonbait kotizatzeko aukerarik eman, bai ala bai gure soldataren parte bat estatuari eman behar genion pentsioen sustengurako zein beste gastu batzuetarako; eta nik ongi deritzot, baina argi esan behar da horretan itun bat zegoela estatua, langilea eta enpresarien artean.

Eta itun hori haustearen kontra atera dira kalera frantsesak, hemen terrorismotzat joko liratekeen borroka moduak erabilita. Sua datxekonean auzoko etxeari? erreparatu ordezkatze-tasari. Hori du Espainiako Bankuko zuzendariak hurrengo helburua: %89,7 demasia da!