ABENDUAREN hirugarrena izaki ez dut aitzakiarik behar zirrikitu hau bete-tzeko orduan. Nazioarteko Euskararen Eguna izatea gutxi balitz, Nafarroako santu patroia ere bada Jabier deuna edo herenegun Mikel Laboa handia hil zenetik 11 urte eta Telesforo Monzon jaio zenetik 115 urte, efemeride duinak deritzat hauei ere gogora ekarri eta aipamen berezi bat egiteko. Gure kultura eta historiatik harago doan edo munduan hedatuago dagoen gai latz bat dakarkit ordea. Han eta hemen hainbat adituk sakon eta zabal jardun dute egunotan azken hamarkadetako gaitzik larrienaz eta mundu guztian izan duen eta oraindik, Afrika beltzean batik bat, duen eragin gorriaz. Milaka, milioika gizakume zendu direlako HIES edo SIDA delako horren erruz, duela 40 bat urte ezagutu edo izena eman zitzaionetik. Gai-tza erabili dut, bereziki gaixo edo eritasun bat baino areago hauetako edozein jasotzeko defentsa murritza delako teorian. Alegia, ez omen da inor hiltzen HIESaren erruz, hark libre uzten dion gaixo maltzurraren ondorioz baizik.

Zientziaren aurrerakuntzak, edozein direla, estimatzekoak dira baina osasuna hobetzeko direnean zer esanik ere ez. Duela 40 urte HIESaz kutsatzen zen gizakia ia heriotzera kondenatua zegoen. Egun, lehen mundua deitzen diogun honetan, batez ere erretrobirusak asmatu zirenetik gehienak onera datoz. Ezin, tamalez, beste hainbeste esan Afrika beltzean kutsatzen diren milioika batzuen etorkizunaz. Kutsatuen zenbaki ikaragarri batzuk bildu ditut egunotan; 38 milioi izan direla, oraintxe ere 7.000 bat daudela EAEn edota 10tik 8 gizonezkoak direla, erdiak gizonezkoen arteko sexu harremanen ondorioz eta heren bat heteroen artekoetatik eta abar. Arreta eman dit, dena den, gazteek HIES horri dioten ardura eskasak izatea, beldurrik eza. Oraindik, hiru kutsatutatik bat 35 urte baino gazteagoa da. Froga egitea erabat doakoa izateaz gain, kondoia erabiltze hutsak ia % 100eko arriskua kentzen du, beste hainbeste sexu eritasun eta nahigabeko haurdunaldiak saihesteaz gain.