GUREAN badira, euskara eta gaztelania nahasiz, hitzez osaturiko bikote bitxiak, egunero entzuten ditugunak, diglosiak, ezen ez elebitasunak, eragindakoak. Arruntenak, ziur aski, egun-on-buenos-días tankerakoak dira: pentsatu izan dut behin baino gehiagotan jende askok uste duela ezin dela “arratsalde on” soilik esan, eta “buenas tardes” gehitu behar dela beti derrigorrez, adibide garbiena ETBko albistegi gaztelaniazkoetan dabilen aurkezle-kazetari bat da (“arratsalde on” ulertzen ez duenik badago oraindik? Are gehiago, axola al dio inori segida osoa gaztelania hutsez datorrenean?).

Euskaraz eta gaztelaniaz osaturiko bikote betikoez gain, euskaraz eta ingelesez osatutako bikote berri-berriak ditugu orain hainbat kasutan, edo ingelesa soil-soilik (ez dezala inork esan euskaldunok ez dakigula nola izan megamodernoak). Ohikoena Euskadi-Basque Country da, Urkullu lehendakariak biziki maite duena. Lehendakariari “euskadibasquecountry” entzun nion lehendabiziko aldian turismoarekin lotutako ekitaldi batean izango zen eta ez nion garrantzi handirik eman, azken buruan, badirudi turismoaren izenean egiten diren azalkeria eta fribolitate asko barkagarriagoak direla. Entzun nion hurrengoan kezkatuago gelditu nintzen: makina-erremintaren inguruko ekitaldia zen, eta edonork daki makina-erreminta beste guztiaren gainetik dagoela hemen, eta marka saldu behar dela (batzuetan pentsatzen dut pertsona beharrean, hobe joango litzaidakeela bizitza makina-erreminta jaio izan banintz). Ahoskerak kezkatu ninduen batez ere, “euskadibasquecountry” “euskadibaskauntri” ahoskatzeko joera baitago, autobusaren herria, alegia. ETBko aurkezlearen antzera, ematen du Urkullu lehendakariak ezin duela Euskadi soilik esan eta Basque Country gaineratu behar duela derrigorrez: Gernikako Estatutuaren ospakizunetan entzun diot orain dela gutxi, eta oso kezkatuta gelditu nintzen. Turismoa edo makina-erreminta arloetan negozioa egin behar da agian, baina gure autogobernuaren gailurra eta goien gradua (beti bete gabe, hori bai) den Estatutuaren aurrean “euskadibaskauntri” entzutea beldurgarria iruditu zitzaidan.