gure artean beste konturik ez den honetan, mundu zabaleko hainbat hedabide garrantzitsuk ere jaso dute Kataluniako epaiaren oihar-tzuna, batzuek lehen orrialdean. Ezarritako zigorren latzaz eta krisi politikoaren larriaz bat datoz denak. Oro har, gertakarien muinera jotzeko ahalegina sumatzen zaie, Espainiakoei ez bezala. Haiei sugarretara soilik joaten zaizkie begiak, ez dago muinera jotzeko ahaleginik, auziaren erro politikoan azpimarra egin dezakeen oro dute ezabatzen.

Valladoliden egon nintzen soldadu. Egon. Alfer-alferrik. Kuarteletik hirira joandakoan, askotan galdegin ziguten: ¿qué idioma habláis? Hasieran euskaraz ari ginela eran-tzuten genien. Gerora, ordea, begirada eta arrazoi txarrez nazkaturik, gezurra esaten hasi ginen: somos holandeses, agregados de la OTAN. Han ez dute gure identitate arazorik, baina guk fachadolid deitzen genion hiri hartan ere badira herrien eta norbanakoen askatasuna euren erosotasun identitarioaren gainetik jartzen dutenak. Ostiral gauean 500 bat lagun bildu ziren, Valladolid Derecho a Decidir elkartearen deialdiari erantzunez: “Hacemos un llamamiento a que se produzca el mayor empoderamiento democrático y solidario del pueblo de Valladolid. No podemos respetar lo que no respeta a la democracia, lo que no respeta al pueblo e incluso lo que no respeta el más elemental concepto de Justicia. Pres@s polític@s ¡libertad! Decidir no es delito”. Egun berean beste ehunka batzuk elkarretaratu ziren Valentzian, Alacanten, Castellón, Gandian, Granadan, Oviedon?

Mundu bat bildu zen atzo Donostian. “Moltes grácies Euskal Herria” idatzi zidan Bartzelonako Berga herriko lagun batek. Eskerrak eman zituen Lluis Llach kantariak ere ekitaldiaren bukaeran: “bihotzez eskertzen dugu zuen arnasak ematen digun beroa.” Izan ere, beste inon ez da halako olderik izan, beste inon ez dute hainbesteko elkartasunik jasotzen Katalunian erabakitzeko eskubidearen alde dihardutenek. Baina ez da elkartasuna bakarrik. Iraun beharra eta bizi nahia ere bada. Libertatea bera dago jokoan.