A na, errubioa, hortz zuriak, “katalana”, dio offeko ahotsak, “gurasoak bezala, aitona-amonak bezala”. Guraso eta aiton-amonen argazkiak erakusten dituzte bitartean. Hugo, bixar txukuna, “Madrildik etorria”, jarraitzen du ahotsak, “baina, honezkero, edozein bezain katalan sentitzen da. Afaltzera eser daitezke eta ez dute gai debekaturik. Izan ere, Oriol, Raquel eta Alexez bestela pentsatzea ezin da izan borroka egiteko aitzakia. Orain elkarbizitza, garrantzitsua elkarrekin duguna delako. Orain gobernua, orain Espainia”.

Iñakik Galdosi entzun diot Kataluniaren inguruko laburpen onena aste honetan: 2006an Parlamentuak ordurako Zapaterok eta Artur Masek erkinduriko estatutu proposamen berria egin zuen; Madrileko Diputatuen kongresuak areago cepillatu zuen (Alfonso Guerra sozialistarena da hitza), Bartzelonako kongresura bidali, onartu, katalanek bozkatu eta baiezkoa eman zioten. PPk Auzitegi Konstituzionalera eraman zuen eta bertan 2013an ez-konstituzionala zela erabaki zuten nahiz eta puntu askotan Andaluziako Estatutuaren kopia izan.

Galdosek PSOE jo du errudun nagusitzat prozesu horretan esanean bai baina eginean... huts egin duelakoan. Eta halaxe iruditzen zait niri ere. Katalanak ez leudeke orain daudenean estatutu hura praktikan jarri balitz, nahiz eta beharbada independentistak ez horren indar-tsu izan. Madrilgo kazetari askori ahaztu egiten zaio hori guztia.

Arestiko bideo hori, noski, PSOErena da eta Hollywoodeko topiko guztiak betetzen ditu: landaretza susmatzen da atzean, Ana eta Hugo ardo topan ari dira irribarreka, irudia iragazia dago eta, ororen gainetik, bikote heterosexualaren maitasunaren bidez gainditu nahi du arazo politikoa. Mezu merkea, merkerik badago.

Aurreko asteko Everybody’s Land bideoaren bertsio erromantikoa duzue hauxe, katalanei zuzendua. Izan ere hemen ez dago eztabaida gai debekaturik, hori bai, eztabaidan gelditzen bada, praktika zigortua dago. Hollywoodeko maitasun ergel heterosexuala baldin bada PSOEk Kataluniarako duen ideiarik onena, jainkoak libra gaitzala. Ederki gaude, ederki gaudenez.