BATEZ beste 72 edo 73 ure dituzte, asko 50 urtez lan egindakoak, sasoiz eta gogoz Bilbotik Madrilera oinez, ibiliz, tipi-tapa, egunak joan egunak etorri, herri bakoitzean ez ezik bide bazterretan emozioz bete eta betearaziz, non baino non arreta eta abegirik onenak jasoz. Jana, edana, heuren etxearen babesa eta sukaldearen epela eskaini eta emanez. Makina bat besarkada eta negarraldi bidairi eta artatu dituzten artean, kotxeen klaxonak eta barnekoen aupadak. Ezin beste modu batera izan. Adinagatik besterik ezean errespetu eta goraipamen hori merezi dutelako. Lerro hauek betaurrean dituzunerako Madrilen dira eta bihar bertan Andaluziatik gauza bera egin duten talde mardularekin bilduko dira eta Espainiako kapitalaren erdi erditik paseatuko dira milaka batzuen babesean. Urguiluz, harro, ez harrokeriaz, zor zaien duintasuna eta honen diru ordaina besterik ez dutelako eskatzen, exigitzen. Ez beraientzat bakarrik, estatu osoan merezi duten pentsiotik behera kobratzen dutenek milioika batzuk direlako. Aste pare bateko neke handia eta bideko maitasuna gutxi horientzako izan da baina eskaria beste milioi horientzako.

Bidaiari horien eskariaren ondorioa jaso dezakegunaren adina kontuan izanez, belaunaldi berezi baten aurrean gaudela azpimarratu behar dugu. 1960 eta 70,ko hamarkadetan bizi zituzten, Bizkaian behintzat, historiako ikasle nahiz langile borrokarik latzenak. “Bandas” “Euskalduna” “Hezkuntza aldatzearenak” abar eta abar luze batez. Kapitalismoaren aurkako borrokak izatea gutxi balitz, asteotan modan darabilgun, Franco diktadorearen ezpata ere buru gainean genduela. Duten adinarengatik, Demokraziaren lehen urratsetan lehen mailako protagonistak izatea ere egokitu zitzaien, onerako eta txarrerako. Pentsatu orain 72 urte dituenak 32 zituen lehen hauteskundeetan eta, beraz, kanpainetan burubelarriz murgilduak edo oraindik sortzen edo indartzen zebiltzan sindikatuetako jardunean. Orain ere astelehenero han eta hemengo udaletxeen aurrean biltzen direnak. XX eta XXI. mende-arteko belaunaldi aparta. Zinez!