BERANDU nenbilen. Euskarazko albistegira heldu ez,eta geroagoko Teleberri jarri nuen gaztelaniaz. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria ikusi nituen. Urkulluk eskua eman eta zer moduz atsegina luzatu zion etxeko atarian. Geroko adierazpenak gaztelaniaz eta frantsesez entzun nituen. Euskarazkoan euskaraz egingo zituen lehendakariak, baina Beskoitze Jean Rene Etxegarairi frantsesez baino ez nizkion entzun (agian, oker nago). Eta pena moduko zerbait sentitu nuen. Biak Euskal Herriko biztanleak, herritarrak, adierazpenak beste hizkuntza batean eginik.

Bi erakunderen arteko itunak sinatzeko bildu ziren, Hego eta Ipar Euskal Herriko geografia batuago sentitzeko, balizko muga hori lausotuago izan dakigun. Eta horretarako, nekazaritza, irakaskuntza, ekonomia, kultura eta euskara aztertuko dituzte bi entitateek, lankidetza estuagoan, Brexit-aren erruz gerta daitezkeen ahuleziei aurre egiteko baturik. Finean, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko distantzia modu estrategikoan labur dadin. Nafarroarekin antzekoa egitea ere ondo legoke, guztiok elkarturik.

Eta deigarria ere iruditu zitzaidan Frantziako Tourrarekin erakutsi zuten interesa. Argi dago ekonomikoki atarramendu dezente ekarriko lukeela ekimenak Hegoaldetik lasterketa abiatuko balitz. Bertan gaineratu zuten, “oso albiste pozgarria txirrindularitza maite duten zaleentzat”.

Eta berriz pena sentitu nuen. Zer diren paradoxak. Laranja koloreko maillota zeraman talde hark piztu zuen grina zaleen artean. Eta zale horiek ezin izango dute Euskal Herriko beste talde bat txalotu, harrobitik ateratzen diren kirolari gogor horiek artatuko dituen proiektu bat abiarazteko dirurik ez baitago. Aurreko asteetan Euskadi-Murias taldearen amaiera ikusi dugu. Talde hori desegin da beste babesle bat topa-tzeko ahaleginak ezerezean gelditu ostean.

Baliteke geure txirrindularitzaren egoera oso kaxkarra izatea (baliteke?), eta hala eta guztiz ere, inork ez du konponbiderik topatu nahi. Baina Tourra?