ZENBAKIEK besterik esango dute agian, termometroek zenbakiz dioten hotz beroa eta airean sentitzen dena askotan bereizten ditugun moduan, ETBren kirol emankizunak neurtuezinak direla esango nuke. Ez diot ikus entzuleen kopuruak gaizki ematen dutenik, bai diot larunbat edo igande bateko iluntzian txikito pare bat hartzerakoan, Aimar edo Altuna, Beñat edo Zabaletaren jardunak lehen solasgai gertatzen direla nire inguruan behintzat.

Pilota kazetari ibili nintzan dozena urte horiei kariño berezia diet eta aipamen berezia egiten dizkiet edozein modutan erreferentzia bezala hartu ditudanei, bai prentsa idatzian, Lezeta edo Tino, edota irratian Iñaki Elortza Txapas bereziki eta tb-n. Lan horretan hasi berria, San Ferminetan Patxi Eugi-ren debuta ikusten joan nin-tzan Iruñara eta frontoitik atera orduko sekula aurrez aurre ikusi barik nuen Ogetarengana zuzendu nintzan Agoizko aurrelariari buruzko iritzia entzun nahian. Erantzuna ere gogoan itsatsita geratu zitzaidan: “Una pena, estamos ante otro delantero defensivo” Ez zen bertatik bertara ikusiz jaso nuen iritzia baina nire lehen iritzi zutabean hark esandakoa hobetsi nuen.

Erabat atsegiña egiten zitzaidan Ogetaren iritzia entzutea tb-z (gutxitan, ni ere frontoian nengoelako askotan) eta hurrengoak ere ikus entzuteko irrikan izan naiz beti. Inoiz lagun artean eztabaidaren bat izan nuen ea garai haietan Josean Tolosa edo Ogeta ziren egokiagoak. “Biak” izan zen nire erabakia. 24 urte bota ditu amezketarrak Euskitzeren aldamenan elkar lagunduz eta, zalantza gabe, elkar ikasiz. Gutxiago, baina asko, Jokin Errasti azkoitiarrak Josetxo Lizar-tza leitzarrarekin. Kirolez landa gauden arren, aurreko asteburuan jardun horretatik alde egin duten bi horiek aipatu nahi izan ditut. Batetik esatari hoiek, Xabier eta Josetxo erreferentzi moduan erabili nituelako nire lanean eta Joseanek bere “egongo gatxik” edota Errastik egunetik egunera euskera maila txukunduz, ezinbesteko kide eta laguntzaile izen direlako. Pilota eta euskerari merezi duten duintasuna eskainiz.