GASTEIZKO hondartzak zuen izenburu Xabier Montoiaren ipuin liburuak, 1997. urtean argitaratu zuen hark. Gasteiz eta hondartza hitzek ia oximorona osatzen zuten argitaratu zuenean eta baita oraindik ere, contradictio in terminis, baina klima aldaketari buruzko azken albisteak irakurri ondoren, bat batean, errealitate posible batetik gertuago agertu zaigu bien arteko harremana. Berotegi efektua eragiten duten gas emisioak planeta berotzen ari dira, eta atmosferan ez ezik, ozeanotan ere eragin nabarmena izaten ari dira. Poloetako eta goi mendietako izotza ur-tzen ari da eta itsasoaren maila etengabe igotzen. Horrela jarraituz gero, 2100. urterako metro bat baino gehiago igo liteke itsas maila, hala diote adituek, eta horrek kostaldean bizi diren milioika pertsonek lekualdatu behar izatea eragin dezake.

Ez dugu guk ikusiko, baina inoiz etorkizunean itsasoa Gasteizera arte heltzen dela amestu dut albiste hauek entzun ondoren. Munduaren gainbehera ematen den bitartean, imajinatu ditut gasteiztarrak surfeko taulak lepoan Andre Mari Zuriaren enparantza zeharkatzen, kresalarekin bakarrik lortzen den azal beltzarana erakusten eta ordurako hiriaren erdialdea bihurtu den Boulevard zentro komertzialeko inguru guztia hondartzako txiringitoek hartuta ikusi dut. Jendez lepo dauden itsasontzietan imajinatu ditut Gasteizera heltzen donostiarrak, mundakarrak, ondarrutarrak? Etxegabe.

Munduaren gainbehera gertatzen den bitartean, hemengo biztanleak hirian itsasoa izatearekin gozatzen imajinatu ditut, eta tripako mina sentitu dut. Nola da posible egoera latz horren aurrean hain berekoi izatea, eta norberaren plazerra beste guztiaren gainetik jartzea? Ba nire irudipen hori ez dago gaur egun gertatzen ari denetik oso urrun. Mundua hondatzen ari garen bitartean, gu eroso gaude, kontsumoak ematen digun bat bateko erosotasun, asetze eta poztasun horretan murgilduta. Irudizko hondartza batean gaude eguzkia hartzen, lasai, egun batean olatuek harrapatuko gaituztela pentsatu gabe.