Sumarioek ireki diren urtearen azken zenbakiak daramatzate barraren ondoren, 11/13 esaterako, edo 35/02. Lehengo zenbakiak, aldiz, epaitegi horretan irekitako ordena adierazten du. Azken zenbaki horrek, ez dakit akordatzen zareten, “Herriko tabernen kontrako auzia” izena hartu zuen hedabideetan. Ireki, 2002an ireki zuen Baltasar Garzon hiperdemokratak Auzitegi Nazionalean, epaiketa, ordea, 2013an egin zen, 11 urte beranduago. 36 auziperatu izan ziren eta sumarioa aitzakia Batasuna ilegalizatu zuen epaileak, 12 urteko eskaera egin ondoren 4 urtekora txikitu zuen azkenean fiskaltzak, nahiz eta epaitu guztiak ETAkoak izateaz akusatu. Akusatuen bizimodua erabat etenik gelditu zen, 5 hilabete aritu baitziren Madrilera joan-etorrian. Ebazpenak 14 kargugabetu zituen, 20 buruzagiri 3 urte eta urte eta erdiko kondenak ezarri zizkien. Hedabideetan terrorismoaren kontrako borrokan izugarrizko aurrerapena egindako epaiketa moduan agertu zen, kondenen kopuruek bestela erakusten bazuten ere (batzuk kartzelaratu egin zituzten, jakina).

11/13 sumarioa 20013an ireki zen eta orain ia 5 urte beranduago hasiko zaie epaiketa 47 lagunei. 601 urteko eskaera dago egina ETAkoak izan edo ETA laguntzeagatik, nahiz eta ETAk armak utziak izan 2011rako. Iruditzen zait 35/02 sumarioarekin gertaturikoa gertatuko dela orain ere, izugarrizko aldea izango dela hedabideen abarrotsa eta gero ezarriko zaizkien kondenen artean; hala ere, batzuk-batzuk, ez da makala, kartzelara sartuko dituzte presoekiko elkartasun aktiboa egiteagatik.

Kontua da inork ez dizkiela 47 akusatuei galdutako orduak pagatuko, ez izugarrizko estresa, ez joan-etorria, ez familia arazoak, ez akusazioak berak eragindako errotiko injustizia. Ematen du Baltasar Garzonen “Dena ETA da” teoria kutsagarriaren ondorio dela epaiketa hau ere, bukatu ondoren kutsatzen jarraitzen duen gaixotasun fantasma baten moduan. Procesaren epaiketak erakutsiko duen bezala, Espainiako Justiziarentzat zoritxarrez metodoa ez, baizik eta zer aldarrikatzen da zigorgarri. Orain elkartasunari egokitu zaio. Nahiz eta esperantza gehiegirik ez izan aldarrikatu beharra dugu: 35/02, 11/13, ez dadila gehiago izan!