EUSKARAREN osasuna izan behar zuen izenburuak, ala ez, auskalo. Bigarren kontzeptu hau, gure hizkuntzaren hedatzea, non eta noiznahi erabiltzea eguneroko ataza eta ardura behar genuelako baina gaurkoan beste ildo batetik bideratu nahi nuen, alegia Osasuna Iruñako lehen mailako futbol taldearen inguruan euskarak duen presentziak baikortasunerako arrazoia eman didalako egunotan, euskera irakasle eta ikasteko azpiegitura aspalditik duela jakin dudanean. Ez dut lortu jakitea zenbat ikasle eta zein maiztasunez jarduten duten ekimen horretan, ordea futbolari zein taldearen inguruko bulegari, tekniko nahiz besteek lingua navarrorun hori eskuratzeko bat-bateko abagunea dutela. Eskerrak, Esparza edo Mas-eko horiek Foral Erkidegoan aginterik eskuratu ez dutela bestela, auskalo! Horrela ere, Iruñako Udalaren jabe direnetik, ez nuke dena ziurtaturik ikusiko. EH-ko lehen mailako bost taldeetatik euskerazko izena duen bakarra (barka, Eibar ere hor dago) izateaz gain, hizkuntzaz ere gaur egun zer edo zer esateko duen bakarra da.

Besteek apenas jartzen dute, ez izenean ez euskaran, interes gehiegi jartzen, Donostia aldean konforme omen dira monarkiaren izendatze ponposoaz, babazorroak Alavés tilde eta guzti, gaztelera batuaren eredu eta bizkaitarrek berriz harro daudela dirudi, sortu zenetik harrezkero kirol horren sortzaileek ei diren ingelesen grafia erabiltzeaz. Hizkuntzaz ordea, auzo lotsa izateko bestekoa. Kasualitate ikaragarriz, oraingo honetan, bost entrenatzaileak euskal hiztunak ditugu eta, ezuztean hau ere, bi presidente ere bai. Hortik aurrera, ohiko eledunak, hedabideekin harremanak dituztenak ia mirariz aurkitu behar dituzte euskaraz kazetaritza egin behar dutenek. Deigarriena, munduan zehar bere filosofia euskal jator-tzat duen Athletic-ena. Taldeko kapitainak, Txantrean sortua eta bizitza erdia han egin eta beste erdia Lezaman edo Bilbon egin du eta etorkizuneko goleatzaile nabarmenenak bere bizitza guztia berton. Batak eta besteak, Iker eta Iñakik, bai omen dakite euskara... nik ez diet entzun.