GAZTE samar zendu zen udaltzain batek, Iñakik, behin esan zidan herrira etorri berri ziren bere kide gazteei ez zitzaiela gustatzen ‘aguazil’ deitzerik, aldeano itxura ematen ei zieten eta nahaigo edo beharrezko zutela ‘polizia’ deitzea. Edozein ekintzetan urteetan ibili garenok, areago Francoren garaiak ere ezagutu ditugunak poliziaz, edozein poliziaz, dugun iritzia orain arte ere erabili dut zirrikitu honetan. Haien atzaparrak torturapean sentitu ditugunak areago. Poliziaz ari naiz, generikoki, ñabardurak ipintzen berahala saiatu arren, denetan izan dira tratu (gutxienik) ezegokiak eman dituztenak eta zinez beldurtzen nautenak polizia izateaz bere buruaz harro(keriaz) azaltzen diren horiek. Hortik harago, dituzten beste ardura batzuk bete beharrean saihesten dituztelako, eredu kaskarra emanez.

Arduren tartean herri euskaldunetan euskeraz artatzea eta erantzutea delako bat. Mila kexu izaten dira edozein lanposturako euskara maila bat (hori da PL-a, despistaturen bat balego) eskatzen dizkiotelako. Eta itxuraz polizia horiek ere gainditzen dute maila hori; beste kuntu bat da gero erabili ahal edo nahi izatea, areago haien agintariak exijitzen dioten ala ez. Gai edo arazo hau erakunde edo alor guztietara luzatzen da baina tira, udaltzainez jardungo gara gaurkoz, hurbiletik pairatu dugulako halako, gutxienik, errespetu falta bat. Alegia, 83 urteko atso bat kartera lapurtu diotelako haien bulegora hurbildu, euskeraz haiengana igorri eta den dena gazteleraz erantzun diote. Hori gutxi balitz salaketarik ere ez diote hartu. Azken solasa, hitzez hitz: “Kartera agertzen bada deituko didazue? Llamarle no, lo pondremos en el tablón del Ayuntamiento” Oposaketaz jasoko zuen lanpostua ez du merezi gazte horrek eta agintzen diotenek ere ez eskuratzen duten lansari potoloa. Onartu beharko dugu kalean pasiatzeko edo multak jartzeko “Harrelsonman” bezala polainaz eta armaz ibiltzea eta portatzea baina ez legoke txarto aspaldiko aguazilaren zer edo zer izatea.