GROENLANDIA ez da betiko Groenlandia. Duela aste batzuk, bertan hartutako irudi batek dar-dar moduko zerbait sorrarazi zidan. Mendixka batzuk hodeiertzean eta itsasoa izan zitekeena ikusten ziren. Harrigarriena zen txakurrek bultzaturiko lera batetik ateratako argazkia zela. Jesukristok Galileako itsasoan mirakulua egin zuen bezala, animaliak ur gainetan zebiltzan lasai asko. Baina ez, argazkiak agertzen zuena ez zen mirakulu estonagarri bat, baizik eta tragedia, tragedia handi bat. Izotza eta elurra izan behar zena, ura zen. Zientzialariek 2050erako aurreikusi eta iragarri dutena aurtengo udan gertatu da: Groenlandiako izotz geruza handia urtzen ari da inoizkorik arinen (datuen arabera, 40.000 milioi tona izotz oso epe laburrean).

Hemen ere, antzeko gabiltza. Uztaila hilerik beroenetako bat izan da, eta orainokoan zeuden markak berdindu dira. Horrela segituz gero, eta gure ergeltasunari muga jartzen ez badiogu, hemendik 20 urtera tenperaturak gradu bat baino gehiago igoko du, eta atzera-bueltarik ez daukan arazoa sortu eta deskalabru globala etorriko zaigu. Izan ere, kontenplatzen ari garen eta betidanik deitu izan dugun klima aldaketa, beste zerbait bilakatu da: klima larrialdia.

Munduko herrialdeetako gobernariek ekonomia itsuan jartzen dute begia, eta mundua pikutara joatea bost axola zaie. Adibiderik onena (edota esperpentorik lerdoena) Donald Trump AEBetako presidentearekin dugu. Duela egun batzuk Groenlandia erosi nahi duela adierazi du. Herri hartatik erantzun protokolarioak eta edukatuak igorri dira, eta artaburuak jorratzen joateko, antzarak ferratzera joateko, edo popatik hartzera joateko mezurik (merezita, alafede) ez du jaso aurpegian makillaje gehiegi jartzen duen pertsona horrek.

Hortaz, munduko gobernatzaileak oso estratega txarrak direnez, lurraren salbamenduan arituko diren herri mugimendu berri asko piztu dira. Fridays For Future da horietariko bat, handiena. Talde horrek, irailaren 20 eta 27an, grebarako deialdi globala egin du. Horren ekimenez eta esperantzaz, baliteke Groenlandia betiko Groenlandia izatea berriz.