ASKI da, esan dute emakumeek. Eta kalera irten dira. Han eta hemen protesta egiten ari dira, inoiz baino indar handiagorekin, nazkatuta daudelako beldurra izateaz. Beldurrik ez dutelako jada. Neska gazteak sexu erasoengandik protesta egiten ikusten ditudanean, taldean, gogotsu, tinko, inbidia senti-tzen dut, halako harrotasun bat sentitzen dut. Gure garaian protesta egiten genuen ere, baina gure protestek ez zuten halako oihar-tzunik, halako jarraipenik. Gutxi batzuen protestak ziren, nahiz eta gauez kaletik bakarrik ibiltzeko beldurra emakume guztien artean zabalduta zegoen. Gaurko protesten indarra, baina, ez da ezerezetik sortu, iragan bat du, norbaitek landu du lurra aurretik. Gogoratu behar ditugu eta eskerrak eman behar dizkiegu gure aurretik izan diren feministei, feminista hitza ahoskatzea ia bekatu zen garai batean ez zutelako amore eman. Kate bat da borroka feminista, eta orain gertatzen ari denak ondorioak izango ditu etorkizunean, aurretik eman diren pausu guztiek fruituak eman dituzten modura. Gizarteak gero eta kontzientzia handiagoa du, baina hala ere, oraindik arazoaren ondorio lazgarrienen aurrean erreakzionatzen du bakarrik: bortxaketa bat, hilketa bat? Sakoneko arazoa identifika-tzea eta haren aurka ekitea zailagoa da beti. Gizarteak emakume eta gizonei balio ezberdina ematen diela dago arazoaren oinarrian, eta neska gazte askok ondo ulertu du. Euren buruei balioa ematen ikasi dute, emakumeen arteko elkartasuna lantzen ikasi dute, mutilekin botere harreman orekatuak izateko modua landu dute? Neskek egin dituzte etxeko lanak, besteek ere egin beharko dituzte orain. Batzuk hasi dira, baina egiteko asko dute. Kaleko erasoak daude denen ahotan egun hauetan, baina ezin dugu ahaztu kale asko baino beldurgarriagoak direla etxe asko, etxe barruetan, ustezko maitasunezko harremanetan ematen direla matxismoaren ondorio lazgarrienak eta beldurgarrienak. Etsaia gure etxeetan eta gure harreman intimoenetan sartuta dagoela. Eta hor ere aski dela oihukatu behar dela, kalean baino indar handiagoz agian, oihuek etxeko paretak gainditu ditzaten.