MILA egunetan Euskal Herriko kostaldeko hondartza luzeetan paseo lasaiak eman ditzakezu, goizez eta arratsaldez, arrantzaleen jardun lasaiaz gozatuz. Mila egunetan, Hiru Erregeen Mahaiatik hodeiertzari begiratu ahal diozu eta zein herrialde handi eta luze dugun pentsatu, gainetik saiek zirkulu ez hain borobilak marra-tzen dituzten bitartean. Mila egunetan Soziologia, Euskal Filologia eta Ingeniaritza Informatikoari buruzko ikasketak has daitezke, eta denak buru korapilatsuan nahastu. Mila egunetan, Roberto Bolañoren 2666 izeneko lana irakur daiteke hiru aldiz, bai eta Axular idazlearen Guero, bi partetan partitua eta berecia, Piarres Argainaratzen Abisu eta exortazione probetxosoak bekhatorearentzat, Joanes Etxeberri Ziburukoaren Manual Devotionezcoa ere; eta astia legoke Resurreccion Maria Azkue, Nikolas Ormaetxea, Xabier Lizardi, Esteban Urkiaga, Domingo Agirre eta Jean Etxepareren obrak irakurtzeko ere. Mila egunetan mila behi euskaldunen memoriak ikasi ahal dira, eta ehun metro baino askoz gehiago korri daitezke, ia marka olinpikoa ezarri arte. Harri eta Herri, Kresala, Abarrak, Hamaseigarrenean aidanez, Haur besoetakoa, Zergatik panpox eta Ni ez naiz hemengoa bezalako lan ederren gaineko tesiak egin daitezke. Mila egunetan Gorbeiako orein zaharren adarretako punta zurixkak zenbatu eta nola hasten diren ikus daiteke.

Mila egunetan liburu bat edo bi idatz daitezke (idazle porrokatuenek hiru izkiriatuko lituzkete), bihotzetik burura, eta buruko labirintoan ele zentzudunak sortzen bazaizkizu.

Mila egunetan iparraldetik hegoaldera datozen txori migratzaileen izen guztiak eta dituzten ohiturak ikasi eta analizatu ahal dira. Tarte horretan txori batzuk zure lagun bilakatuko dira, seguru. Mila egunetan ametsik ederrenak bizi ahal dituzu, eta une lazgarriak ere bai.

Mila egunetan lagunak eta familiakoak bisitatu ahal dira, eta besarkada estu-estuak eman, urrun egon arren. Mila egunetan, injustizia perbertsoaren erruz, merezi ez duzun kartzela pairatu ahal duzu, eta mila egun galdu. Mila egunetan, mila mezu eta muxu jaso ahal dituzu.