ARRETA deitu zidan Saioa Alkaizak abuztuaren 9an Berrian argitaratutako “Emakume bizardunak” iritzi zutabeak. Edertasun kanonek eraikitako existitzen ez den edertasun perfektuaz eta harekiko morrontzaz ari zen zutabea.

Niri, ostera, herrietako kale bazter guztiak eraso sexisten aurkako kartel morez jantzi zaizkigun honetan, beste argazki bat etorri zait burura. Duela 35 urte ingurukoa. Bikote gazte bat ageri da eskenatokian, elkarri begira. Mutilak lore gorri bat darama eskuan, neskari eskaini diona. Baina, honek, ezetz egiten dio buruarekin. Gogoratzen dut ostiralean egin zutela zozketa eta ondoren eman zirela jakitera zein bikotekide izango genuen. Mozorro desfilea igandean izatekoa zen. Bi urte zaharragoko bikotekidea egokitu zitzaidan. Ganbaran pasatu genuen larunbat arratsaldea amak eta biok. Ez zegoen zer aukeratu handirik. Eta, azkenean, amonaren zerbitzari ibili zeneko gona eta alkandora beltzak eta amantal zuria soineratu nituen. Oihal ederrekoa zen jantzia, paparra eskuz egindako bihurgunez josia eta amantala ere bainika bikoitzez hartua. Buruan kofia. “Hau ez da nik amesten dudan lanbidea” bota nion braustada batez amari; “hau betiko mozorro tipikoa da”. Ez bat ez bi, ganbarako atea itxi eta etxera egin genuen. Eta, han, etxeko brusa jantzi zuen amak. Nire harridurarako, brusaren patrikatik aurrez erosita zuen “zerbait” atera zuen. Batzeko erabilitako papera kendu eta esku artean ile mordo bat ikusi nion. Azpiko aldean zuen eranskina kendu eta sudur azpian itsatsi zidan. “Horrela bai” esan zuen eta gelako ispilu aurrera eraman ninduen. Bibotea zen. Zerbitzari biboteduna egin ninduen amak. “Eta honek zer esan nahi du?” galdetu nion. “Gainontzeko umeen gurasoek ulertuko dute eta zuk ere bai nagusitzen zarenean” erantzun zidan. Argazkian, zerbitzariz jantzitako neskatoak bibotea darama aurpegian. Eta ezetz esaten dio bikotekideari. Ez duela lore gorririk nahi. Bikotekideak ere bibotea darama, zerbitzariarena baino laburragoa. Eskenatokian, Charles Chaplin ageri da, mutu, zerbitzari bibotedunari begira.