UDAKOA aireak astakirtenago bilakatzen gaitu, eta garrantzi handiko kontuak garrantzibako bihurtzen ditugu konturatzeke.

Joan den astean, Bilboko Etxebarria parkean, gizon talde batek emakume bat bortxatu egin zuen. Emakume horrek horixe salatu zuen geroago. Ertzaintzaren dispositiboa martxan jarri eta sei gizonezko atxilotu zituen, kaletik normaltasun osoz zebiltzan bitartean. Hurrengo egunetan epaitegitik pasatu ziren akusatuak. Epaileak deklarazioa hartu eta bi espetxera bidali ostean, besteak kalean utzi zituen. Kalean! Eta neskak kalean ikusten baditu libre, zer? Nazkagarrikeria gehiagorik senti daiteke? Zer dute buruan epaile horiek? Hetero-patriarkatuaren beso luzea aldatzen ez den bitartean, horrelakoak entzungo ditugu maiz.

Horrekin loturiko beste kontu bat Gasteizen gertatu da. Jaietan eraso sexisten arriskua gutxitzeko, Er-tzaintzak kaleratu duen esku-orri batean hartu beharreko jarrerak eta gomendioak haizatu ditu, eta horietarik bat emakumeak gauez kalean bakarrik ez ibiltzea da. Lotsagarria iruditzen zait. Hurrengoan nola jantzi behar diren, edota ez edateko, eta laster etxera joateko adieraziko zaie? Bortxatzaileak dira errudunak, ez neskak. Horixe da emakumeenganako errespetua? Badirudi ez dutela benetako arazoa ikusi nahi.

Udan ere, gure mugetatik at, gauza larriak gertatzen dira, baina udako aireak... Espainia aldean suteak pizten dira han-hemenka. Gaur egun larriena urrunago dago, Siberian. Bertan 3 milioi hektarea erretzen ari dira kontrolik gabe. Ekainean piztu ziren hainbat su bertan, baina agintariek duten ohiko axolagabetasunarekin ez zaie arreta eskaini. Eta gaur egun sarraskiak dirau, modu larrian gainera. Geure mundua galtzaile berriz. Nazioarteko politikan Errusiak beste arazo bat dauka betiko arerioarekin: Donald Trump presidente txarrarekin. Izan ere, biok zuten itun nuklearra bertan behera gerarazi dute, eta orain, umeen moduan, bestearen lepora bota-tzen dute kulpa.

Hasieran esan dut, udakoa aireak astakirtenago bilakatzen gaitu, eta batzuk are gehiago.