UDAK, eguraldi onaren apetituarekin, turismoaren apologia egiten du. Derioko landetxeen gainetik kolore biziz margoturiko hegazkinek turista horiek ekar-tzen dituzte geure hirietara. Norabide guztiak zabalik daude; bideak oro deskubriturik. Jendea samaldaka abiatzen da paraje ikusgarrienez atsegin hartzera. Toki askotan, aurretiaz antolaturiko aktibitateak prest dauzkate turiston ezinegona asetzeko. Parafernalia horri askok eta askok men egingo diote. Beste batzuek, asozialagoek akaso, denboraren luze-laburrak probestuko dituzte ekimen xumeagotan aritzeko. Udak denboraren beste ertz batez gozatzeko proposamena luzatzen du; inguratzen gaituzten tokiak eta espazioak beste modu batean aztertzeko eta ibiltzeko tenorea; astialdiari bestelako txinpartzat ateratzeko abagunea; agian, literaturaren magiaren ateak zabaltzeko giltza.

Mesanotxean pilaturik ditugun liburuak bestelako abiaduraz irentsiko ditugu orain. Horixe da udako beste plazer bat: literatura. Michel Houellebecq idazleak Serotonina plazaratu zuen urtearen hasieran. Idazkera sendoko idazleak gustu ederra utzi dit errelato intimista, desesperagarri eta triste horrekin. Paolo Cognettik Sin llegar nunca a la cumbre kaleratu berri du. Las ocho montañas liburu magikoaren ostean, Himalaiara egindako bidaia baten kronika utzi digu. Horren ostean, bi liburu ditut zabalik jada, Alejandro Zambraren No leer, non filien, fobien eta kapritxoen bilduma interesgarria osatu duen. Liburu bitxia eta melankolikoa iruditzen zait niri, eta gozagarria. Eta bigarrena, Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa. Bertan, Imanol Lurgain pertsonaiaren goraldia eta eroriko luze eta tristea kontatzen du idazleak, bestelako kontu anitzen koktel ederrez apaindurik. Beste lan bat hasita daukat. Interesgarria eta erakargarria, bitxia, hausnartzeko bazka ederra emango didana. Xabier Kintana eta Andoni Sagarna itzultzaileek euskarara ekarririko Yuval Noah Harariren Sapiens. Gizadiaren historia labur bat (Elkar) izenekoa. Udak literatura ekarri dit niri, luzaroan.