NIRE ezkerretara ETA, nire eskuinetara ni. Lema bezala, beharbada, ez du gehiegi balio, baina, nire uste apalean, Rosa Diez politikari ohi eta twitterlari sutsuari ederki dagokio, Erromako general baten mundua izendatzeko zuen indarra du. Nire ezkerretara ETA, nire eskuinetara ni.

Ez dut Twitterrik baina adiskide batekin gelditzeko gogotan izaten naiz Rosa Diezen kontuan sartu eta aldarrikatzen dituenak ikusteko. Rosa Diezen ezkerretara, esan bezala, ETA dago, eta ETAren barnean sartzen dira ETA, EHBildu, Geroa Bai, ERC, Junts per Cat, Podemos, Comuns, PSO, bere azken letra guztiekin, C’s-i Madrilgo harrotasunaren manifestazioan kontra egin zioten guztiak, Grande-Marlaska, eta, bada ez bada ere, handik pasatzen ziren batzuk ere bai, horiek ere bilduetarrak dira, golpistak, bolivartarrak, podemitak, faxista gorriak, Rosa Diezek erabiltzen dituen izenondoak erabiltzeagatik.

Hori dago Rosa Diezen ezkerretara, eskuinetara bere burua dago. Bera, izugarrizko ziurtasunez zer dagoen gaizki eta zer dagoen ongi erabakiz. Biktima izan eta barkatzea ez baitzaio ongi iruditzen, edo Idoia Mendia Otegirekin afaltzen esertzea, edo Maria Chivitek Geroa Bairekin negoziatzea, edo Pedro Sanchez Podemosekin koalizio gobernu bat egiteko esertzen saiatzea (PSOE+Podemos= Faxismo gorria idatzi du azkeneko txio batean), edo Ada Collauk PSCrekin ituna sina-tzea; horiek guztiak ETAren bortxa ahaztea, biktimak iraintzea eta nazionalismoari haize ematea dela iruditzen zaizkio.

Rosa Diez emakume argia eta garbia da. Espainiako gobernua osa-tzeko, esaterako, PP, C’s eta VOXen aldeko apustua egin, eta abstentzioa eskatu dio bere lehengo partiduari. Rosa Diez andre erretxindua da garaiak gainetik pasatu zitzaizkiolako, UPyD oskol hutsa bihurtu zelako, demokrazia beregan haragitu eta inork ikusten ez duelako.

Argazkian Diputatuen Kongresuko hemiziklo hutsean ageri da, zerbait idazten. “Batzuetan, nahikoa da bandera bat altxatzea borrokatzeko prest dagoen armada bat badela aurkitzeko” dio bere leloak. Duela ez gehiegi Bilboko Zazpi Kaleetan ikusi nuen aurpegi kixotiar eta begirada zorrotz horrekin. Beldurra eman zidan.