EGUN hauetan iskanbilak baino ez ditut ikusi, eta guztiak eskuinak sorturik. Lehena sanferminetako txupinazoarekin batera gertatu zen (debeku guztien gainetik hegaldatu behar dute beti geure euskaltzaletasunak eta bere ikonoak). Nafarroako hiriburuan alkate berria ezarri dute, eta horrek agintaldiko lehen galarazpena berehalakoan abiarazi zuen: txupinazo egunean, festaren eztandaren unean, “oihal handiak zabaltzeko debekua”. Horren atzean, gorroto ezkutua zetorren, betikoa, izan ere, Maiari geure ikurrinak edota Euskal Herritik etor daitezkeen aldarrikapen guztiek higuina ematen diote. Baina ohi legez, haren eragozpenak plaza zuri-gorrian bildutako lagun askok gainditu zituzten, eta makina bat bandera eta pankarta ageri ziren dantzan, festa giroan, oihuka eta dantzan. Kalapita Udaletxeko balkoian gertatu zen, bertaratu ziren zinegotzi batzuek ikurrina jarri nahi eta bertako foru-zainak estutu eta kontra egin zietenean. Gezurra badirudi ere, ikurrina ez da ondo ikusten oraindik zenbait tokitan, eta are gutxiago eskuina ustezko demokraziaren mozorropean gidatzen dutenen artean.

Ildo beretik, usain txarreko Espainiako eskuinak LGTBko festa politizatu nahi izan zuen, eta biktimismo lotsagabearen antzerkian murgildu zen berriz. Istiluetatik bizi da alderdi laranja, eta berdin zaio non (noiz eta nola) egon behar den (Altsasun, Errenterian, Madrilen...), baldin eta horrekin hauteskundeetarako boto batzuk, edota irabazkin politiko apur bat erdiesten baditu, beti ere, bere oposizioan jarduten dutenen kontrako amarru xelebreetan erorita. Batetik, inolako eskrupulurik gabe ultraeskuindarrekin itunak izenpetzen dituzte, eta gero bestetik, LGTB kolektiboaren aldarrikapenak bete nahi dituzte. Kontradikzioan igeri egiten ederki ikasi dute, era groteskoan, koherentzia minimoari men egin barik.

Ikusi beharko da jardute horrek ondorio txarrak ekarriko ote dizkion, baina Greziako hauteskundeetan gertatu den bezala (eskuin muturra Parlamentutik kanpo lotu da) ederra litzateke eskuinaren sasi-politikaren erorketa ikustea.