EZ nuen aurten ekainaren 28koaz, LGBT Harrotasun Egunaz alegia, idazteko asmorik. Gasteizen antolatu zuten manifestazioara joan nintzen (Stonewalleko istiluek 50 urte bete dute, eta hori gogoratu eta ospatu-edo beharra dago), kaleetan gazte jende asko ikustean poztu nintzen, lagun batzuekin elkartu, eta lasai bukatu nuen eguna.

Hasierako asmo hura abandonatu dut irakurtzen ari zareten bezala: izan ere, alde batetik, egunotan bukatu dudan Leslie Feinberg-en Mari-mutil handi baten bluesa eleberriak (Fermin Zabaltzak euskaratua, Katakraken argitaratua 2018an) eta, bestetik, Madrileko manifestazioan Inés Arrimadasek eta Ciudadanosekoek izan duten jarrera zitalek hartutako erabakia bertan behera uztera eraman naute, amorraturik. Mingarria izan da azken hauena aurten bereziki, Stonewalleko istiluak gogoratzen ditugunean. Ziur naiz Arrimadas eta Rivera ez zirela egongo polizien aurka borrokan ibili ziren marika, bollera eta transekin, aitzitik, 1969ko Arrimadas, Rivera eta Maroto guztiak poliziaren alde egongo ziren edo Euskomueblesek saltzen dituen armairutzarretan ezkutaturik. Feinbergen liburuan gordin eta xehetasunez kontatzen da zer ziren poliziak urte haietan antolatzen zituen sarekadak Stonewall bezalako tabernetan, nolako tratua jasotzen zuten atxilotuak. 2019tik oso erraza da Stonewallekoekin elkartasuna adieraztea, baina askoaz garratzitsuagoa da nork bere buruari galdetzea non egongo zen, zein aldetan, garai hartan. Ez dut zalantzarik, Ciudadanos eta gainerakoak zapaltzaileen alde egongo ziren.

Ciudadanosekoak Harrotasunera arrimatu ziren bazekitelako Voxekin sinatu dituzten itunak LGBT jendearentzat, guretzat, onartezinak direla, iraingarriak, mingarriak. Bost axola. Gustatzen zaie arazoak sortzea, problemarik ez dagoen tokietara joatea problemak sortzeko, eta gero errugabe eta xalo agertu hedabide guztietan. Ikusita Arrimadasi asko gustatzen zaizkiola ismoak (beti dago santxismoa gora eta santxismoa behera), ismo berri bat proposa-tzen dut haien jokabide doilorra izendatzeko: arrimadismoa.

Eta udan Leslie Feibergen liburua irakurri, on egingo dizue.