Hamar bat egun Mediterraneoko hondartza baten egoteko abagunea izan dut. Hareatza handia eta hare finez hornitua izan arren jende gutxik du bertarako joera. Askorentzat itsas bazter kuttunak diren horien zalea ez naizen arren, alde batetik gerizpe edo itzalik ere bazegoen, edonon baino hobeto kresalez bustirik zetorren haize epela hartzeko, lehenik egunkariren bat eta gero liburu bat edo beste lasai irakurtzeko ordu pare batez. Eguneroko eguraldi ziurra, iparra baizik hego haizea larruazalean sentitzea eta lagun baten gonbidapena arrazoi nahikoak dira aste pare bat eguneroko egoitzatik aldentzeko, harea ez gatzura gustuko ez ditudan arren. Edonora noanean ere paisaia baino paisanajea dut atseginago eta Alacant inguru horietan ikusitakoaz jardungo dut.

Moda kontua dela ere esan dit inork, alegia orkatilla eta kaltzetinak erakusteko haina prakak laburtzea, jeans berriak haustuta erostea edo 42 graduko beroan ia belaunerarteko larruzko bota beltzak eramatea balitza bezala. Moda alegia. Paisaiaz eta arropaz ez ezik gizakiaz jardun nahi nuen eta lerroburuan jarri bezala era bat edo besteko familiaz, hain zuzen. Hortan ere, ez genero bereko edota anitzko bikote edo fameliaz, belaunaldiaz sailkatuak baizik. Argitu dezadan datu adierazgarri batez: Estatistika zehatzik egin gabe, ekaineko bigarren hamabostaldian, ni egon nintzan hondartza inguruan, 10 senditik bederatzi, ume pare bat aitona eta amonak osatua zegoen. Ba zen haur gehiagokorik eta zerbitzariarekin ere baina aipatu gehiengoaz geratzen naiz. “Hori dago modan” esan zidaten etxe inguran ere bueltatu nintzenean. Tamalez modatik hainbat harago doan arazoa da aipatu hori. Arazoa diot, gehienetan aittitte amama horiek atsegiñez egongo diren arren. Arrazoia ordea, ume horien bi gurasoek jo eta ke egin behar dutela sendia zutik mantentzeko eta eskola egunetan bertan daude baina oporretan beste norbaitek bete behar ataza hori. Balitza onerako izatea, jolaserako bizitasunik ez dute izango baina bizitzaren ikasketarako jakinduria neurri gabea, bai.