ASTE honetako berri guztien artean ohikoagatik ezkutuan pasatu den izenburu batek eman dit arreta: Espainiako bost biztanleetatik bat pobrezia arriskuan bizi da eta biztanle horien %21,5k 8.871 euro baino gutxiagorekin moldatu beharra du.

Zenbakiek bere hotzean ez dute adierazten atzean ezkutatzen diren dramak. Nire kasuan klase ertaineko gizon gay zuri baten ikuspuntutik irudimen ariketa handia egin behar dut diru kopuru horrekin edo gutxiagorekin bizitzeak esan nahi duen guztia ulertzeko.

Euro bakoitza obsesioraino neurtu behar da horrek dakarren antsiarekin, eta antsiak eta elikadura txarrak dakartzan ondorioekin, ze frogaturik baitago, pobreak lehenago hiltzen dira, gehiago gaixotzen dira, adimen gutxiago dute (bai, frogaturik dago jatorri pobretik datozen umeak adimen gutxiago dute jatorri aberatsetik datozenek baino, genetika ere baldintza sozioekonomikoek eraginik dagoela frogaturik), eta osasun mental txarragoa dute Osasunaren Munduko Erakundearen azken txostenak ohartarazi duen moduan, lan baldintza txarrek eta prekarietateak gaixotasun mentalen ehunekoak ikaragarri igo baititu.

Aberastasuna darion gizarte hiper kontsumista honetan pobrea izatea maldizioa da, ia patuaren jokaldi maltzur baten modukoa, areago krisiaren ondoren non eta Espainiako amets sozialdemokrata, ironiaz diot, horren laburra izan denean.

Horren aurrean zer eskaintzen die gizarte honek pobreziaren ertzean bizi diren guztiei? Bada norbanakoaren arrakastaren ahalbidetzea, gertatzen zaienaren konponbidea norberaren eskuetan dagoelako sinestea, zoriontasunaren beharra bakoitzaren eskuetan dagoelako ardura, pobreziaren zulotik ateratzea norbanakoaren eginahala delako mantra, baldintza sozioekonomikoak nahi izate hutsarekin aldatzea berez balego bezala.

Kaka zaharra! Pobrea izateak pobreago egiten dut bat eta gertakari oro bihur daiteke hil ala biziko, ondoan gizarte-bazterketaren amildegia baitago; halaxe gertatu zaie kanpoan lotan ikusten ditugun horiei, gertakari beste baldintza ba-tzuetan hutsal batek eraman ditu dauden egoerara. Kaka zaharra! berriz ere. Norbaitek Euskal Paradisuan horrelakorik gertatzen ez dela pentsatzeko tentazio balu, desengaina dadila, datuak berdinak dira.