UKAEZINA da: gainbehera batzuk oso erakargarriak dira. Erromatar Inperioaren gainbehera, kasu; hamaika liburu idatzi dira gaiaz eta oraindik ere liburu argitaratu berri bakoi-tzak interesa pizten du beste arlo ezkutuago bat jorratzen duelako agian, ikuspuntu ezohiko bat aurkezten duelako beharbada, datu ezezagunak plazaratzen dituelako. Era berean, pertsonen gainbeherak ere, porrotak, erakargarriak izan dira beti: galtzailearen etika indar-tsua garatzeaz gain, porrotaren estetika sendo bat eraiki da, galtzearen eta galtzailearen ederrari mila poema eta liburu idatzi dizkiote askok; Juan Antonio González Iglesias poetak dio, arrazoiz nire ustez, galtzaileek eta porrotek maitemindu gehiegi izan dituztela. Politikan gauza bera errepikatu ohi da, batez ere ezkerrean, galtzen ohituta ezkerrak porrotaren etika eta estetika osoak sortu ditu iraun ahal izateko (ze erremedio).

Irakurle batek baino gehiagok jakin nahiko du zertara datorren hori guztia. Hauxe erantzuna: azken astean gainbehera politiko erakargarri bat ikusten ari naiz, disfruta-tzen, nire etxearen erosotasunetik (ez ezker aldean, gaitzerdi). Ciudadanos, bai. Apirileko hauteskundeak ez zitzaizkien ondo joan, maiatzekoak ere ez, Voxekin egin dituzten itunak uste baino arrisku-tsuagoak suertatu dira, Valls joan zaie, Europan mesfidati begiratzen dituzte, Frantziako presidentea gezur batean nahasi dute, Toni Roldánek dimisioa eman du, Asturiaseko hautagaiak parlamantuko eserlekua utziko du... etxea honda-tzen ari zaie. Zentroko alderdia izan nahi zuten, baina katalanismo guztien aurka jotzeko jaio zen partidu batentzako ezinezkoa da, metafisikoki, zentrokoa izatea. Niri Zigoitiakoa iruditu zait gainbeheraren zantzu garbiena: infografia gezurti bat sozialisten “pactos de la infamia” salatzeko; Arabako herri txiki bat erabili behar badute haien jokabidea zuritzeko, ikusten dena baino handiagoa izango da gainbehera.

Galtzailearekiko nolabaiteko errukia sentitzeko joera omen dago, baina Rivera jauna eta Arrimadas andrea ikusten ditudan bakoitzean, indiferentzia baino ez dut aurkitzen nire baitan, eta irribarre maltzur bat (bide batez, ezetz asmatu nork segituko duen bukaerara arte).