HERRIA alkate! Eta holako hainbeste slogan erabili ohi dira, bai hauteskunde kanpainetan, bai norbere burua izendatzen dutenean kargu hori, politikan hurbilena, eramateko. Aginte eta ahal gosea giza legez dugunez, zalantzak sortzen zaizkit herriari aginte hori igortzeko gogorik edota asmorik izaten den. Sarriago izanen da beste “orain ikusi eta ikasiko duzue” agintearen zain egon eta lortu dutenen artean. Oraingoan ere, azken 20 egun luzeetan, beste iritzi mota bat ere behin eta berriz entzun izan dut. Alegia, gure botoekin jolasten ez ote duten udalak osatzerakoan egin dituzten maniobra guztiekin. Kasurako, nik PSEri edo EHBilduri botoa eman EAJk irabazi ez dezan eta haiek honei eman edonongo alkatetza, edo alderantziz. Hainbat izan dira aurten ere holakoak. Hurrengoan ez gara joango urnetara eta konpon daitezela euren artean. Aurretik inoiz idatzi dudan arren, azken asteotako tratuak, aspaldian konta zidatzen istorio bat zekarkit gogora. Beste edozein bailarako herrian izan zitekeen baina niri Arratiako Zeanin (Zeanurin) gertatu zela ziurtatu zidaten, badaezpada data ziurrik eman gabe; “aspaldi” erabili ezkero ez da arrozoirik eman ez kentzerik. Errepublika garaian edo aurretik, kasurako. Ez zidan inoren izenik ere eman, norbait haserretzea saihestuz. Dena den, egunonotan hainbat herritan jazo bezala, bideratze guztiak egin ondoren berdinketaren aurrean “leon castillo”, “kara ala kruz” egin beharrean, hautatu guztiak Ipiñaburu edo San Justo ermita ondotik plazara korrikan egitea pentsatu zuten, irabazlea alkate izendatzeko. Hasi dute karrera hori domeka goizean eta berehala bide bazterrean bazkatzen zegoen asto gaztea ikaratu eta lauhankan plazara bidean jarri zuten heuren aurretik. Honen izenik ere ez du aipatzen kronikak, ez eta atzean zetozen zinegotziarena eta zein ordenean ailegatu ziren plazara. Atzeman duzute dagoeneko agintaldi hartan, zinegotzien zerrenda eztabaidatu eta osatu ondoren eta denen oniritziz, Zeanin astoa egin zutela alkate.