Zirrikituetatik begira

Eskerrik asko, Orokieta!

09.02.2020 | 05:32

eZ dago seme-alaben ispiluan begiratzea bezalakorik norberaren bilakaeraz ohartzeko. Haiek ere aitzinera, urratsez urrats. Txikienak orain amaituko du LH, lehen hezkuntza. Beraz, seme nagusia zein eskola-eredutan matrikulatu erabakitzera behartu gintuen hausnarketaren ondorioen balorazioa egiteko moduan gara.

Gauza praktikoak erabakigarriak izaten dira batzuetan. Hurbiltasuna, esate baterako. Gure kasuan auzi ideologikoak eragin zuen gogoeta nagusia: publiko ala pribatu. Bagenekien publikoaren aldeko hautuak zer nolako ondorioak zekartzan ikaskideen soziologiari dagokionez. Zarautzen ere etorkinen seme-alabak eskola publikoan matrikulatzen dituzte nagusiki, beste eskoletan ez bezalako arraza, jatorri eta hizkuntza nahasketa dago, baita klase sozialena ere. Horren aldeko hautua egin genuen. Eta asmatu. Dena izan da aberasgarri.

Seme nagusia unibertsitaterako ikasturte bakarraren faltan da. Harena da gogoeta hau, bere baitatik irtena: "Haurtzaindegia, Orokieta zaharra, berria, berriz zaharra, Lizardi Gurmendi, Lizardi Araba. Horixe da orain arteko nire ibilbide publikoa. Eta orain, nerabea besterik izan ez arren ikuspegi zabal samarra dudalarik, are handiagoa da bide horren aldeko hautua egin zutenekiko esker ona." Hunkitu egin ninduen, eta biziki poztu. Era berean, asko harritu ninduten hura argitaratu ondoren iritsi zitzaizkidan mezuek. Guk baino urtebete lehenago hautu bera egin zuen familia bateko amak idatzi zidan hau: "Hemen nago malkoak lehortu ezinda. Ze oroitzapen erabakia hartu beharreko hartaz! Baina poz itzelak eman dizkit eta harro sentitzen naiz egindakoaz".

Bereziki eskertzekoa izan da Atoumane eta Pape, denboraldi baterako etorriak ziren senegaldarrak, hain gozo eta zabal hartu izana. Oinarria jarrita dago. Eskerrik asko, Orokieta!