ARrantzale familia batean jaioa, nire lagunak bazekien itsas korapiloak egiten. Artea zela esaten zuen, eta benetan, korapilo mota ezberdinen izenak ematen hasi eta berehala hala iruditu zitzaidan.

Hainbat aipatu zizkidan: korapilo laua, frantzizkanoa, zortziko korapiloa? Mundu berri bat deskubritzea modukorik ez dago konturatzeko zenbat mundu geratzen zaizkigun ezagutzeko.

Egun batean esan zidan pertsonen arteko harremanak korapiloak bezalakoak direla. Bi alderen arteko lehen kontaktu batekin hasten dira, elkar ukitzen duten bi soken antzera, eta poliki-poliki, eguneroko harremanaren bitartez elkar hobeto ezagutzen hasten direnean, sokak nahaspilatzen hasten dira, leunki, ilean jarritako begizta bat lotzen den moduan: orduan bata bestearen ahotsa ezagutzen hasten da eta badaki tonu bakoitzaren azpian zer ezkutatzen den, adibidez. Aurrerago, bi pertsonen arteko kontaktua areagotuz doan heinean, sokak hasten dira marrazki berriak osatzen: hobeto ezagu-tzen dugu pertsona hori, badakigu zelan erreakzionatuko duen egoera ezberdinetan, badakigu biontzat berezia den hitz horrek barregura eragingo diola, adibidez?

Hau esatean, nire laguna isilik geratu zen segundo batzuk eta txistua irentsi zuen. Ondoren esan zuen une bat heltzen dela zeinean korapiloa hainbeste estutu den, ezinezkoa dela askatzea, ez behintzat eskuekin. Eta une hori zoragarria eta aldi berean izutzeko modukoa zela esan zidan begietara begira. Zoragarria, korapilo horretatik sortzen den energiagatik, eta hain gertu egonda, halako espazio itxian, pertsonek euren barruan duten onena ateratzeko kapaz direlako; baina izutzeko modukoa aldi berean, ohartzen zarelako korapilo hori egun batean askatzen bada, artazi batzuen ebaki garbi baten bitartez egin beharko dela, eta horrela korapiloa desagertuko da, bai, baina txirikordaren zati bat ere. Gure arimaren zati bat, erantsi zuen. Eta hau esatean isilik geratu zen, infinitura begira, txistua irentsiz etengabe.