ENTZUTEN duzue hori? Ez, ez da isiltasuna, ez eta tontolapiko batzuen lelo errepikakor eta antzuak ere. Ottoren ahotsa da. Otto Petteren eleak dira hiri osoan zehar barreiatzen ari direnak. Entzuten dituzue?

Gaur, Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren hamabigarren edizioak Anjel Lertxundi idazleak izkiriaturiko Otto Pette liburua boz goran irakurriko dute Bilboko Arriagan bildu diren makina bat lagunek, tai gabe 20:00ak arte, Ottoren hitzak haizatzeko. Modu horretan, lagun horien ahots anonimoek (beste batzuk ez dira hain anonimoak izango) Otto Pette liburuaren 25. urteurrena ospatuko dute.

Hamabiz orduz euskal literaturaren funtsezko letra berezi horiek irakurriko dira bertatik, baina Londreseko, Kubako, Pariseko, Txileko, Tokioko, edota Berlineko Euskal Etxeetan grabatutako irakurraldiak ere entzungo dira hiriko atmosferan. Horretarako, Arriaga Antzokiaren kanpoaldean pantaila handi batek irakurle horien hitzak erakutsiko ditu, entzunaraziko ditu; bai eta Azkuna Zentroko Kulturen Atarian jarritako pantaila erraldoi batek ere. Hitzak, paperean iltzaturik dauden hitzak, airean puztuko dira, kaletar ororen belarrietara heltzeko.

Baina, nor da Otto Pette? Erdi Aroan kokatua dagoen istorioak korapilo asko ditu, beste edozeinen bizitzaren antzekoak edota makurragoak ere. Iraganak beti zigortzen baikaitu, egia eta gezurrei men eginez. Nola edo hala. Liburu horretako pertsonaia morroi gozoa izango da nahi duenarekin, baina era berean Otto otso bilakatuko da besteekin, eta zitalkeriatan murgilduko da.

Horixe guztia jakingo duzue gaur berton, Bilbo gainean zoro moduan dabiltzan sorbeltzen artazien artean hitz mordo bat izango baita nabigatzen, airean, euskarak beti egin duen moduan.

Amaieran, Otto Pettek salto egingo du liburutik, eta Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasle-irakasleek ospatuko duten Euskara Ikasleen Jaiaren barruko erromerian dan-tza gaurkotuan izango da, bizi den landetxe ilun bateko bakardadetik, bere nortasun arrotzetik, behin bada ere, iheska.