SAIHESTEZINA egiten zait, herenegun gauararte iraun duen bi hilbeteko kanpainaren uholdeari muzin egitea. Ez dut, dena den, berri edo iruzkinen zain egotearen gau luze baten biharamunik, ez eta holako edo halako emaitzak jakitearen aje negatiborik. Ez dut oroitzen behin ere hiru astebetez hauteskundeei hala edo holako jarraipenik egin diodanik baina, berretsiz, uholde honek aurretik narama oraingoan.

Hedabide guztietako azal eta izenburuetan asetzeko beste informazio dugun arren, orokorrean begirada xume bat eta txikikeria ba-tzuetan geldiune bat egitera mugatuko naiz. Duela astebete, futbolarekin parekatze bat egitera ausartu nintzan, bereizketa bat eginez beti hor goian izan diran taldeak eta garaitikoak. Haieri exijitzen zaiena eta besterekiko ilusioa. Luzatu gabe, Ligako nagusiak, EAJ, EHBildu eta PSE aipatuz, Bejondeiala hiruei! Zorionak. Hirurak hobetu dituztelako aurreko emaitzak. Bada lainoren bat Bildu Bilbon hirugarren tokira erortzeaz baina, ordez eta alfer alferrik izan arre, Asiron-ek sekulako marka jarri du Iruñean. Lau urtez fin zintzo eta garden jardun izanaren ondorioa baina beste batzuen porrotak jokoz landa utzi dute, behingoz.

Futboleko talde txikien ilusioa aipatzen nuen aurrekoan eta, aspaldira joanez, duela lau urte politikan lorpen batez sentitu nuen ilusioa gogoratzen dut. Eta horrela utzi nuen esana zirrikitu edo zutabe honetan. Nafarroako Gobernuan eta Iruñeako Udalean lortutako aldaketarako emaitzak. Gaur belarriak jaitsi behar ordea. Asiron bakarrik utzi dute kideek baina Barkos andereak ilusio hori mantentzeko zirkinik badu, Chivite andrea babestuz edo honen babesean, baina lau urte luzez ernegu bizian izan den Esparza jaunak gidatzen duen Sumak (Berdin dio UPN deitzen badiozue) nagusigo haundiz irabazi du oraingoan eta ahalak eta bi egingo ditu hainbat urtez izan zuen agintea berreskuratzeko. Uxuek beti izan du karisma bereizia niretzako eta atzo edo hereneguko esanean, progresu eta aldaketarako gobernu baten amesten ba du, nire ilusioa elikatzen du.