KANPAINA kanpainaren atzetik, aste pare bat besterik atseden hartu eta berriro egurre plaza areto edo hedabide mota guztietan. Hainbat dira eta. Alderdiren batek tuit, txio edo delakoz baliatzen delako oinarrizko publizitatea egiteko. Badira erratza eta kolaz beteriko plastikozko ontzi edo baldez orniturik kaleko horma edo, zibilizatuenak, horretarako gertu dituzten paneletan kolore biziko argazkiak esekiz jarraitzen dutenik ere. Udal hauteskundeek dira, edonola ere, jende aurpegi gehien ikusgarri egiten dituenak. Kasu gutxi batzuetan sorpresa eraginez, gehienetan aurreikusiak izan arren.

Aurreko kanpainan harritu ninduen eta oraingoan, behingoz, beste hainbeste ETA erakunde armatuaren ondorengo lehen urnetara deiak direla, hain gutxi erabiltzea. Izan da aipamenik, baina zitekenetik ia zirkinik ere ez. 50 urte luzez jardun du erakundeak eta 40 urtetik gora dira kolegioetan hautestontziak jartzen hasi zirenetik eta, ETAk konbokatoria guztietan presentzia nabarmena izan du hedabide ez ezik gizarte osoan. Egun batzuek aurretik bi egunkari konkretuei komunikatu bat igorriz edota behin edo behin ekintza armatu zaratatsuren bat eginez.

Egun edo hileotako aipamen ezaren zioa bilatzen nabil nire kabuz. Alde bat edo besteei isilik egotea zergaitik komeni zaien hausnar-tzen. Derrigor jo behar dut eskuin/ezker eta abertzale bai/ez topikoetara. Hauen artean ere alde nabarmenak egon arren. Batetik ba dirudi kolore guztietakoak daudela ados desagertze horrekin. Eskumako edota zentroko denak, españolista orok, ezker nahiz eskuinekoei isilik egotea komeni zaie, Rubalcaba edo haren alderdiaren gainetik, ezker abertzalearen garaipena ez baina emaitza positiboa izan delako desarme hori. Azken hauei ere ez dakit aipatzea komeni zaien. Beldur-tzekoa da izan ere, haiek armak erabiltzen zituztenean, heriotzak barne, lortzen zituzten zaleen boto andana bat oraingoetan beste edozein moderatuagorengana bidera-tzea. Ezkertia eta abertzalea izateko borroka hura beharrezkoa ez dela eta ez zela pentsatuz.