Atzo izan balitz bezala daukat gogoan, nola amak zigarroa eman zidan ezpainera. Berak, garai hartan, erre egiten zuen baina ez zuen gu, bere seme-alabak, erretzen has gintezen nahi. Eta behin, mahaian aurrez aurre jarri eta Ducadosa eman zidan probatzen eta txanpain kopatxoa. 14 urte inguru izango nituen “mundu honetan denetik jakin behar da egiten eta denetik probatu behar da” esan eta probatzen eman zidanean, bai tabakoa eta bai alkohola. Biak ala biak probatu nituen, nola ez, baina magiarik gabeko testuinguru hartan ez zitzaizkidan ez bata ez bestea gustatu. Eta probatzen jarrai-tzen irrika galdu nuen.

“Jokoa besterik da, jokoa ez da errenta” azaldu zidan, geroxeago. Jokotik ez da probatu behar behin ere. Zeren eta probatzea nahikoa da bere menpe erortzeko. Ez dago pertsona bat bahitu beharrik nola sentituko litzatekeen esperimentatzeko. Jokoa bahiketa mota bat da. Sekula ez da nahikoa mahai gainean jarriko duzun dirua, jokoaren hatzetatik askatzeko.

Azalpenok beste esaera zahar batekin etorri zitzaizkidan belarrira. Lan lasterra, lan alferra. Nahiz eta jokoan aritzea ezin den lantzat hartu. Hala ere, argi adierazi nahi izan zidan amak, lanaren balioa hain errotua daukagun herri honetan, jokoan arituta dirua egiteko ustea izatea alfer pentsatzea zela.

Eta ez dut sekula txanpon bat bera erabili zortea tentatzeko. Gure hiri eta herrietako bazterretan apustu-etxeak irekiz eta irekiz doaz, ordea, eta internetari esker eskura eta edozein ordu eta lekutan du batek edozein jokotan aritzeko edo apustu egiteko aukera.

Ludopatiak azken urteotan berebiziko igoera izan du, batez ere, gazteengan. Eta publizitateak, ez jokoaren eta apustuen gainekoak bakarrik, baizik eta dirua eta arrakasta berehala lortzea sustatzen duenak, ez du batere laguntzen.

EITBk hartutako erabakia joko eta apustuen gaineko publizitatea debekatzearena ez da txalogarria, beharrezkoa baizik, eta ez esan bezala ahulenak babesteko bakarrik, baizik eta lanik gabeko arrakastaren balioa “nahi eta ekin gabe” hedatu ez dadin.