AMAIA Nausiak, Historian doktorea eta Berriako kolaboratzailea denak, apirilaren 11n eta 25ean “arzalpena”-ri buruzko bi zutabe idatzi ditu. Arzalpena zer den? Gizon batek emakume bati gai baten inguruan azalpen bat eman behar izaten dionean emakume horrek gizonak baino hobeto ezagutzen duenean gaia. Argi azaltzen du Amaiak, mingainean arantzarik gabe, zein izan ohi den gizonezkoen jarrera emakumezko aditu baten aurkezpenaren ostean. Ez da berria Amaiak diona baina bai da berria nola esaten duen. Zeren eta berak aitortzen duen modura, gehienon jarrera, horrelako egoeretan, azpiratuak eta umiliatuak sentitzeaz gain, ezer ez egitea izaten baita. Egoerari pasatzen uzten diogu eta, nola ez, behin eta berriro errepikatu egiten dela ohar-tzen.

Gertakizun hau, gainera, ez da hi-tzaldietan bakarrik gertatzen. Lan eremuan ere berdin gertatzen baita. “Ni ez naiz aditua baina?”, esaten hasten direnean, “ba ikasi isilik egoten”, pentsatzen duzu zuk? aditua zu baitzara, dakizunagatik errespetua zor dizutelako, baino beraien ideia edo iritzia gailenarazi behar dute eta ez dira isiltzen. Edo egitasmo bat aurkeztea egokitzen zaizunean, denbora ikaragarri eraman dizuna, eta beraiek, bost minutuko inprobisazio axal baten ostean, “beste modu batera esateko, era ulergarriagoan” zuk esan duzuna errepikatzen dutelarik baina, noski, beste modu ulergarriago batean. Euren tribu hizkerarekin. Beti gainetik.

Zer egin behar den errespetu falta eta azpiratze praktika honekin bukatzeko? Urteak dira emakumezko idazleok, kritikak kontuan hartuko bagintuen, emakumezkoen liburuen kritikak guk geuk egiteko lana hartu genuela. Honakoan ere, nire proposamena da, hitzaldiak edo egitasmo aurkezpenak egin behar ditugunean, emakumezko talde batez lagun-tzea eta aldez aurretik azken buruko galderak, parte hartzeak eta gizonezkoei eman beharreko erantzunak prestatuta joatea. Praktikan jartzen hasiak gara zenbait gunetan eta emakumezko batek beste baten lana goraipatzen duenean, “tak” isildu egiten dira. Zer pentsatua ematen die, antza.