KORRIKA zapore oso goxoa utzi du joan den igandean Gasteizen amaitu eta gero, Euskal Herri osoa mila pausutan, bakoitzak bere erritmoan, ibili eta gero. Hantxe mila euskaltzale bildu ziren euskarari sostengua emateko, euskaldunak direla esateko, hemen gaude euskararen alde kantatzeko. Ohikoa da azken helmugan, lekukoak bere tripan eraman duen mezua jende andanaren aurrean irakurtzea, eta ohore horretaz, Maialen Lujanbiok gozatu zuen.

Mezua intentsua izan zen, (Maialenek beste intentsitate puntu bat ere eman zion) esaldi potolo esanguratsu askorekin horniturik. “Hizkuntza ez da edukitzekoa. Lizuna egiten zaio barruan gordeta, lika. Beraz, Klika! Instalatu eta elika! Euskara, ez da euskararen gauzetarako aplikazioa”. Bai, lizuna egiten zaio ahotik munduratzen ez badugu, hortaz elika!

“Euskarak behar du herri honen sistema eragilean. Memoria handiko lur honen hizkuntza beti eguneratua, eta software librekoa. Euskara, bestelakoa baita... Hain zuzen, besteak bezain bestelakoa. Bestelakoa eta besteak bezalakoa. Baina besteekiko badu alde bat: euskarak dena du aurka; dena baitu sortzeko, euskarak ia dena du sortzeke. Dena du egiteko, euskarak dena du egiteke. Hizkuntza bat dugu ahulguztiduna...”. Bai, eta ahalguztiduna ere bai, baina gaur egun ahuleziaz betea izaten da ba-tzuetan, etsai asko baititu kontran jarriak.

Horrexegatik ahalguztidun bilakatzeko modurik eta eraginkorrena da ahotik ahora eramatea, isildu barik, edonon. Eta horretarako aukera asko baditugu. Adibidez, hil honetan, euskaraz egin nahi dutenentzat Bilbon Darabilbo programa martxan dago. Kulturarekin eta denbora librearekin zerikusia duten jarduerak eta tailerrak antolatu dira, eta guztietan euskara da erabiltzen den hizkuntza. Urtean zehar makina bat hitzordu antolatzen dira programa horren barruan, eta hala, antzerkia, euskal dantzak, esku-lanak, argazkigintza, edota bisita gidatuak eta txangoak ondu dira euskaraz mintzatzeko helburuz.

Euskarak ez du lizunik behar, ken iezaiozue, eta egin eragiteko, eta eragin eginarazteko.