EZ dakit hauteskundeen aurrekoak, “kanpainak” izena ere erabiltzen da, gustatzen zaizkidan ala ez. Lagun batek egin zidan galdera pasa den astean eta “ez” garbi, borobil eta ozen bat bota baino lehentxoago, mikrosegundo batez, zalantzatan egon nintzen. Egia esan, hauteskunde matrakak ez zaizkit orain lehen bezain jasaezinak irudi-tzen, beharbada urteekin batek ikasten du apur bat eta zenbait trikimailu eraikitzen ditu egun hauek ahalik eta lasaien igarotzeko.

Hauteskunde kanpainari kasu egin behar zaio, baina ez gehiegi; komenigarria da kanpaina bitartean esaten diren hainbat gauza, promesa hotsandikoak batez ere, kolkoan gordetzea, geroago mota guztietako txantxak egin ahal izateko; urliarekin inoiz negoziatuko ez duela mila aldiz errepikatu duena urliarekin negoziatzen ikustea oso barregarria izan daiteke.

Alderdiek aurkezten dituzten programak ez dira osorik eta arretaz irakurri behar. Hasteko, badakigu eskuinak zer esango duen ekonomiaz, adibidez (norberak bizimodua atera behar duela bere kabuz eta kito). Gustuko ditudan alderdietako programak ez ditut inoiz osorik irakurtzen: botoa emateko baino botorik ez emateko argudio gehiago ematen dute gehienetan (behin horixe bera gertatu zitzaidan). Nahikoa lana da alderdi bat edo zerrenda bat aukeratzea botoa emateko (edo botorik ez ematea erabakitzea), ez da beharrezkoa kapainak iraun bitartean sortzen diren polemika guztiei buruzko iritzia izatea, nekagarria da.

Telebistako debateei buruz gauza bera: minutu batzuk nahikoak izango dira hurrengo egunetan lagun eta ezagunekin zertxobait komentu ahal izateko (orrazkerak edo hanka sartze nabarienak).

Azkenik, aitortuko dut nik gehien maite dudana inkestak direla, ospe txarrekoak gaur egun: gazta-erdi koloretsu horiek guztiak ehunekoz beterik, eserlekuz mukuru; mapa horiek, koloretsuak baina ez hainbeste; grafismo modernoak, marra koloretsuak gora eta behera; betiko taula horiek, zenbakiak zenbakien ondoan. Gero eta gehiago gustatzen zaizkit: marra eta kolore horietan nire itxaropenak itotzen badira ere, ederrak dira ametsak egin ahal izateko. Beste batzuek sudokuak egiten dituzte.