korrika bukatu ez beste, euskara dugu hizpide berriz ere. Esti Amorrortuk, Deustuko unibertsitateko irakasleak, euskara etxetik kanpo ikasi duten gazteak izan ditu ikergai eta azterketaren emaitzen arabera, lau gako mahai gaineratu ditu euskaldun berri horiek euskaraz egin dezaten. Lehenik eta behin, ezagunak zaizkigun “gaitasuna eta ingurua” gakoak aipatu ditu. Gaitasunaren inguruan, euskara batuaz gain, euskalkia ere irakatsi beharra azpimarratu du Estik, beren inguruan egiten den euskara ez dezaten urruti sentitu eta beraiek eremu horretatik kanpo. Inguruari dagokionean, euskaldun berriek euskaraz lasai egin ahal izateko lekuak edo guneak sortu behar direla azpimarratu du Amorrortuk.

Beste bi gakoak, ordea, berriagoak zaizkigu apika: “jarrera proaktiboa” izatea edo konpromisoa, batetik, eta “autokontzeptua” edo hiztun berria legitimo sentitzea, bestetik.

Esti Amorrorturen ikerketaren baitan, besteak beste, euskararen arrosa koloreko etorkizunaren ideiari aurre egin beharra azpimarratzen da. Hau da, gaur egungo gazte gehienek bidea eginda dagoela uste ote duten, euskara ikastolan ikasten dutelako eta ezagutzak hizkuntzaren etorkizuna bermatzen.

Ikerketen ostean beti ageri dugu negar egiteko halako joera berezkoa eta gure hizkuntza heriotzaren pare dagoela gogorarazteko beharra. Baina negarrak ez dakarkigu motibaziorik, ez legitimaziorik, ez ahalduntzerik, ez autokontzepturik.

Kontzientzizazioaz aski bapo gaudela esango nuke. Has gaitezen bada, Estik aipatzen dituen leku eta egoera babestuak sortzen, ingurune erdaldunetan euskara erabiltzeko aukerak bermatzen.

Gure hizkuntza maitatzearen konpromisoa da hartu behar duguna; gure hizkuntzan ondo pasatzeko lekuak sortu eta haietara joatekoa; bizitza erakargarri egitekoa darabilgun hizkuntza gunea kontuan hartuta. Hori da gazteei eta euskaldun berriei eskatu behar dieguna.

Uste dut garai berrietara moldatu eta diskurtsoa aldatu behar dugula; ez diegula euskaraz aritu behar dutela esan behar, euskararen etorkizunaren pisua beraien bizkarrean jarrita. Konpromisoaren ataria, gaur, besterik da.