Zirrikituetatik begira

Bideo bat

09.02.2020 | 00:08
Columnista Rikardo Arregi

BEHARBADA ikusi duzue dagoeneko Cristiano Ronaldo seme-alabekin jolasean agertzen den bideo hori; zera, seme-alabekin ez, semearekin bakarrik, alaba bere kabuz entretenimendua bilatu behar du. Baloi batekin ari dira jolasten (zer espero zenuten?), elkarri pasa-tzen diote, atzean neskatoak mutikoaren keinuak, ostikadak, imitatzen ditu, baina inork ez dio lekurik egiten. Futbolariak mutila animatzen du bere izena errepikatuz; neska, ez diote kasurik egin, albo batera doa (bertan etxetxo bat dago, beste ume bat eta zaindari izan daitekeen beste norbait), neskak lurrean berreiaturik dauden jostailuetatik bat hartzen du, erratza. Hara, mutilarentzat baloia eta neskarentzat erratza. Ikusi nuen lehen aldiz neskak erratzarekin gizonkoteen jolasari bokoit egingo ziola edo horrelako zerbait espero nuen, baina ez, neskak erratza garbiketa gurditxo batean sartzen du, mutilaren eta aitaren artean dago baina ikusezina da. Aitak semeari atzerago joateko esaten dio, neska lurrera erortzen da eta bukatu da bideoa. Bi urte edo izango dituzte umeek (alokaturiko sabelaren bidez feriatu zituen futbolariak, bide batez).

49 segundoko bideo horretan laburbilduta dago feminismoa azaltzen saiatzen den guztia. Txiki-txikitatik irakasten zaie haurrei nola izan mutila eta nola izan neska, hau da, nola izan gizona eta nola izan emakumea (harrigarria da ikustea zen ondo ikasi dituen mutilak gizonezkoen jarrera matxoak). Egia da ez dudala bideo horren testuingurua, ez dakit zer gertatu den aurretik, eta zer gero, baina publiko egin bada suposa daiteke protagonistak ez duela ezer txarrik atzeman bideoak erakusten duen jolas ustez inozo horretan. Bideoa ikusi duen jende askok ere ez du ezer txarrik ikusi: aita-semeak baloian, alabak bakarrik erratzekin dibertitzen den bitartean, betikoa, naturala. Zer da, bada, harrigarria?

Eskolak, hezkuntzak edo hezkide-tzak hori konponduko dutela esaten da, baina gaizkia egina dago. Lau-bost urteko haurrekin lanean ibili nintzenean zein eginak zetozten etxetik izan zen niretzat harrigarriena, etsigarriena.