JULEN Arzuagaren hitzen harira, Jusapolen keinuek eraginda, edo gabe, berdin zait, sortu den istiluan gehien harritu nauena izan da parlamentuko buru Bakartxo Tejeriak emandako agindua, alegia, irain eta hitz itsusiak, asko gustatzen zait kontzeptu hori, aktan ez jasotzea. Beno PPkoen Alfonso Alonso, Borja Semper eta abarren espantu irainduak ikustea ere ez da gaizki egon.

Behin baino gehiagotan azpimarratu dut hemen zeinua eta esanahiaren arteko lotura ahuldu egiten dela hizkuntza gaizki erabilita; Jusapoli nazi deitzea ez da egokia, nire ustez, Espainiako poliziaren elkarte horrek ez duelako naziekin zerikusirik, zuzenean, behintzat; bestelakoa da Jusapolen ideologia ultraeskuindarra azpimarratzea, baina horrek ez ditu nazi egiten (asko lehertzen dit Ferreras La Sextako hiperdemokratarekin bat etortzea).

Ez dakit Europako beste parlamentuetan zer gertatzen den hitz itsusiekin, ezabatu egiten dituzten. Baina nago ganbera horren duintasuna gordetzea aitzakia ?jakina da, botereak antzezpenetik asko duela botere izango bada? esandako hitzak ezabatzeak hitzen esanahia kolokan jartzeko joera indartzen duela.

Zilegi ote da erakunde batek berean esandako hitzak ez jasotzea? Ez ote da hori gezurra esaten duela onar-tzea, nahiz eta, esan bezala, lotsa gordetzeko izan noiz eta kamerek dena grabatu eta instantegarreneko denok ikusi dugunean?

Irain bat aktan ez jasotzeak adierazten du: gure gizartean egia eraiki-tzeko errealitatea ezabatu egin behar dela, eta biga, parlamentua gezurrezko mundu batean bizi dela, errealitatea eraiki eta mundutik aparte bizi daitekeen tokian, zer eta parlamentua, denon ordezkaria izanik, gure bizi onaz kezkaturik beharko lukeena (hau idazten ari naizela zabaldu da Dignidad y Justiciak Julen Arzuaga salatuko duela gorroto delituengatik; kolektibo jazartuak babesteko sorturiko delitu horrengatik, zeina erabiltzen baita kolektibo ez-jazartuak? Babesteko, Guardia Zibila kasu).

Aspaldi adierazi zuen Guy Deborden Espektakuluaren Gizartea liburuan: espektakuluaren gizartean egia gezurrezkoaren une bat baino ez da. Egia da Jusapolekoak probokatzera etorri direla, espektakulu bila. Hitz itsusiak aktan ez jasotzea, egiaren manufakturazioa agerrarazten du. Gezurrezko piezekin.