Zirrikituetatik begira

“Cosa rara”

08.02.2020 | 23:19
Columnista Rikardo Arregi

EZ nuen izan, pasa den igandean, Erromako Aita Santuari egin behar zioten elkarrizketa ikusteko inolako asmorik, elkarrizketatzaile hori ez baita inoiz izan nire lehen aukera igande gauak pasatzeko (egia esan, ezta bigarrena ere), baina nire jainko marikak (asko dira) beste plan bat harilkatzen ari ziren, an-tza, eta nire hatzak zapping egiten hasi zirenean, telebistan zuriz jantzitako gizona eta bestea agertu ziren: mintzagaia homosexualitatea zen (umoretsuak dira nire jainko marikak), eta "cosa rara" esapidea atera zen. Txikitan baten batek "cosa rara" duenean, psikiatrarenera agian ez, baina beste profesional batengana jotzea komeni dela zioen argentinarrak (badira "kosarraralogorik"?).

"Bravi, cosa rara" dio Leporellok, Don Giovanniren morroiak, Mozarten operaren bigarren ekitaldiaren azken agerraldian; izan ere, festa hasi da eta orkestra Matín i Soler valentziarraren "Una cosa rara, ossia bellezza ed onestà" (Gauza bitxi bat, hau da, edertasuna eta zintzotasuna) operaren zati bat jotzen ari da; asko gustatzen zitzaionez aipu musikala egiten du Mozartek. Aspaldian lagun operazale batekin nuen hitz-joko pribatua zen "raro/rara" hitza agertzen zen bakoitzean, operaren izenburu osoarekin jarraitzea. Operaren arabera bitxia da, arraroa, pertsona batek bi kualitate horiek aldi berean edukitzea, dramma giocoso bat, badakizue, txantxa baino ez. Aita Santuarena, aldiz, ez da txantxa, ez, sufrimendu iturria baizik. Horregatik, telebista itzali eta Mozart eta Martín i Soler konpainia ezin hobea direla igande gaua pasatzeko erabaki nuen.

Arraroa eta bitxia hitzak bueltaka nituen buruan queer horixe bera dela konturatu nintzen arte. Eta une horretan bertan (ze jatorrak jainko marikak) Lumagorrik, heterosexismoaren aurkako taldeak, Korrikarako prestatu duen iragarki zoragarria bidali zidan tweeterren bidez: kilometro trabestia Gasteizen, orratz-takoidun zapata gorri-gorriak, distira edonon, "Oilategian euskaraz!" leloa. Bai, arraroak gara, bitxiak, ederrak, itsusiak, gezurtiak eta zin-tzoak aldi berean; nahi duguna garela dio Lumagorrik. "Cosa rara".

noticias de deia