eSTATUEK egitura zurrunak izaten dituzte. Malgutasun falta horrek laguntzen die beren baitarik sortutako aldaketa nahiak geldiarazteko, eskeletoa dardar jar liezaiekeen ekinbide orori galga jartzeko. Espainiar estatuaren kasuan, ez du edozein moduz onartuko 500 urteko “egonkortasuna” zalantzan jarriko lukeen abenturarik. Eta inork horrelakorik abiatu nahi balu, aurrean izango du bere egitura fosilduaren hormatzarra.

“Konstituzioaren aldaketarik nahi balitz, badaude horretarako bideak” esan du Borrel ministroak, telebista alemaniar batean egiten ari zitzaizkion elkarrizketa moztu aurretik. “Kataluniarrek ez dituzte bide horiek errespetatu, euskaldunek bai”.

Nazioartean mezu hori hedatu nahi dute, Kataluniako aferaren ondorio enpatikoak saihestea xede. Ibarretxe lehendakariak kongresura eramandako Estatutu Berriaren proposamenarekin egin zuten kudeaketak indar-husten du argudioa. Alde bikotasunari, transbertsalitateari, bideak ixten zaizkionean, are ageriago gelditzen da herri-ekimenetik sortutako mugimenduen beharra.

Gaur abiatuko du aro berria Gure Esku Dago plataforma herritarrak. Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria aktibatu du 2013an sortu zenez geroztik. 150.000 lagun bildu zituen Durango eta Iruñea arteko gizakatean, 175.000 Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu zituen bigarrenean. Herritarron Ituna landu eta entregatu zuen Eusko Legebiltarrean eta Nafarroako Parlamentuan. 208 herritan galdeketak burutu ditu. 218.000 lagunek hartu dute parte.

Baina bide luzea dugu aurretik Europan eta munduan zein leku nahi dugun erabakitzeko. Halakorik lortu ahal izateko, estatuen egitura zurrunak malgutzeko, herri-ekimenen beharra izango dugu, erakundeen bultzadaz gain. Horrela bakarrik izango dugu etorkizuna gure esku.