KATALUNIAKO procesak heroikotasuna besteren haragitan bizitzea ahalbidetzen du. Ez dakit zilegi den, baina kitzikagarri, eta aldi berean, eroso da, non eta epikotasun gehiegi izan dugun paraje honetatik begiratuta. Nahikoa da tarte batez epaiketari bistadizo bat botatzea, edo Madrilgo egunkarietan barna sartu-irten bat egitea, edo argitaraturiko liburuak arrapaladan irenstea.

Gonzalo Boyeren artikuluekin demokrazia eta zuzenbidea guru-tzatzen diren gune horretaz ikasi dut, eta Espainiako botere judizialak dituen bizioez, Auzitegi Nazionalaren izatea bera, adibidez.

Gonzalo Boyek ... y ahí lo dejo liburua argitaratu du egun hauetan. Bertan procesaren nazioarteratzearen kronika egiten du, Puigdemont eta gainontzeko kontseilariak errefuxiatzeko herrialdearen aukeratik hasi, presidentaren Alemaniako atxilotzearen ondorengo estrategiaren diseinutik pasatu, Llarenaren hanka sartzeei barre egin eta datorrenaren gaineko zantzuak iragarri arte. Ez nuke esango kontaketa aldetik liburu ona denik baina bai irakasgarria; ona diot zeren eta Boyeren garai nahasi horietako bizitza hegaldi, abokatu eta akusatuen arteko bilera eta ondorengo afarietara mugatzen da, eta hori aspergarria suertatzen da. Irakasgarria, aldiz, Gorenaren espainiartasun erakustaldi harroaz ez ezik, demokrazia eta legeaz asko ikasten delako.

Boyerek ez ditu gauza guztiak argi-tzen, dioen bezala kasua irekita izanik, bere defendatuen hurrengo urratsen gaineko informaziorik ezin duelako azaleratu, baina Espainiako justizia Europako gainontzeko nazioen aurrean areago nabarmenduko dela iragartzen du.

Nire buruari galdetu diot Puigdemont Europako PdCateko zerrenda burua izatea, procesaren nazioartekotze horretako beste urrats bat, Boyeri bururatu ote zaion. Eta horretan zergatik ez datorren bat ERC. Puigdemonti buruz zer iritzi dudan ez dakidalarik, zaila da Espainiako hedabideek saldu nahi diguten bilau paperari itzuri egitea, ongi legoke diputatu izateak Europako Parlamentuan sor litzazkeen kontradikzio eta liskarrak ikusteaz gainera, Madrilen inmunitatez prentsaurreko bat ematearen plazeraz gozatzea. EAJ dibortziatu egin da. Zer jende txuxena!