NAHIZ eta euskalduna izan, areago, euskal idazlea izan, euskara sustatzearen kontra egiten diren hainbat adierazpenen aurrean benetan galdetzen diot nire buruari euskararen defentsak halako ahalegina merezi duen eta ez ote den hobe denborari utzi hizkuntzarekin nahi duena egin dezan.

Iñaki Iriarte EHUko Pentsamendu Politikoaren Historia irakaslea da, eta UPNko parlamentaria izana da. Aurrekoan euskara eta elkarbizitzaren inguruko hitzaldia eman du Iruñean eta Diario de Navarrak elkarrizketa egin dio aste honetan, “Politika linguistikoaren helburua ezin du izan iraganera itzultzea” izenburu. Euskara dela eta Nafarroako gizartea oso banandua dagoela dio, eta ezin dela pentsatu populazioaren %87 gaixo dagoela euskara ez jakiteagatik, zerbait falta zaiola hizkuntza hori ez dakielako. Nafarroako hizkuntza politikak injustizia bat zuzentzeko ahalegina omen da, baina injustiziarik izan ez dagoela. Hizkuntza politika baliabideen eta arrazoiaren araberako hizkuntza zerbitzuak ematera mugatu beharko litzatekeela, eta ez izan hizkuntza ingeniaritza.

Iriarte Pentsamendu Politikoaren Historia irakaslea izanik, esandakoek zur eta lur utzi naute. Pentsamendua. Politika. Historia. Izan ere, euskararen eskasia ez da izan halako darwinismo natural baten ondorio, baizik eta botereetatik diseinatu, pentsatu eta zuzendutako estutze baten ondorio. Hortxe daude debekuak, gaztelerazko alfabetatze kanpainak eta, bai, baita hemengo botereen utzikeria ere.

Elkarrizketak aurrera egin ahala, ordea, ematen du Iñaki Iriartek euskara maite duela. Harrigarriki.

Pello Monteanoren El Iceberg Navarro liburua etorri zait gogora. Bertan Monteanok XVI. mendean Nafarroaren erdialdetik gora euskara hizkuntza nagusia zela frogatzen du, baina ez dokumentuak aurkitu dituelako, guztiak gazteleraz daude, baizik eta zeharka jende hura guztia batez ere euskaraz mintzatzen zela ondorioztatu duelako.

Iragan horretara ez itzultzea proposatuko du Iñaki Iriartek? Argi dudana zera da: Iriarte bezalako euskaldunekin oraindik “Ezin eskriba zaiteien” hartan geundekeela. Pentsamendua. Politika. Historia.