ARGAZKI batek alaitu zidan azkenean martxoaren 8a: irudianian Gasteizko Frantzia kalea ikusten da goiko pisuren batetik hartuta eta iparraldera begira, bukaeran, gailurrak oraindik elurturik, Gorbeia mendia ageri baita, ilunabarra da zeru koloretsuan (idatzi dut dagoeneko Gasteizko ilunabarren ederraz). Ederrena, dena dela, ez da hori, ederrena kalea betetzen duen jendetza da (gehienak emakumeak ziur aski), ez da asfaltorik ikusten. Arratsaldeko manifestazioa da, jakina. Ezkor ibili nintzen egun osoan eta argazkiak alaitu zidan egunaren hondarra.

Aurreko astean bilera izan genuen lantokian martxoaren 8ko ingurukoez, grebaz eta, informazioa jasotzeko. Gutxi bildu ginen eta bileraren ardura zuen pertsona hitz egiten hasi bezain laster marmarrak zabaldu ziren gelan: greba aipatzea deabrua aipatzea da nire lantokian eta zailtasunak nabarmentzen dira beti, oraingoan gainera progre pare bat (gizonezko bat eta emakumezko bat) grebak, feministen grebak (tonua erdeinuzkoa zen), etiketak indartzen dituela eta abar aritu ziren behin eta berriz. Irakaskuntza publikoko ikastetxe handia da nire lantokia. Martxoaren 8an irakasle emakumezkoen %15 batek edo egin zuen greba, eta ikasle emakumezko gehienek. Gelditu ginen gizonok, ikasle zein irakasle, egun horretarako propio prestaturiko irakurgaiak eta ariketak landu behar genituen, baina grebaren arrakasta ikusita pentsatu nuen gehienek ohiko gauza arruntetan emango zutela eguna.

Egunean zehar manifestazioen berri izan nuen, hedabideek zekartenari kasu egin nion, artikuluak irakurri nituen, guztiak baikorrak: emakumeen mugimendua geldiezina zela azpimarratzen zuten, feminismoak pentsamoldearen aldaketa funtsezkoa posible egingo zuela azkenik, orain bai, dena desberdina izango zela aurrerantzean. CEOEkoen txosten matxista eta misogino bat atera zen bai, baina... Adiskide emakumezkoekin hitz egin nuen, baikortasuna behar nuen, baina goian deskribatu dizuedan argazkia ikusi arte ez nintzen pozik (edo) gelditu. Argazkian, bide batez, nire lantokia ikusten da.