balirudike Audientzia Nazionalak buztina bezala moldeka dezakeela legedia, eta zernahi forma emanik ere aise lor dezakeela hasieratik jomugan duen helburua. Altsasuko gazte batzuek 2016ko urriaren 15ean bi Goardia Zibili egindako erasoa ez bide zen terrorismo ekintza izan, baina espetxe zigorrak lehenean utzi ditu, gazteetako batena salbu. Buztin berarekin moldatu eta moldekatu dute, lehen pitxarra zena orain teila da, baina lehen ura pozoitzen zuen eta orain itoginez josia da. Mendekuaren eta zigor zentzagarriaren ikuspegitik baizik uler ez daitekeen epaiak beste itaxura bat eragin du herritarren eskubideen aterki gisa batere sinesgarritasunik eskaintzen ez duen epaitegian.

Badira lokatzetan eroso senti-tzen diren politikari eta kazetariak. Badira eroso hantxe besterik sentitzen ez direnak ere. Eta elkarren beharra izaten dute. Aste honetan Altsasuko Koxka tabernan izan dira Pablo Casado, PPren presidentea, Ana Beltran, Nafarroako burua, eta Okdiario hedabidearen zuzendari Eduardo Inda. Baimenik eskatu gabe. Politika show eta kazetaritza lohi.

Askori iruditu zaio bidegabe Altsasun tabernan antolatu zuten ikuskizuna, askok hartu die kargu, tartean Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria -inoiz izan al zarete Altsasun telebistako kamerarik gabe?- eta Aitor Esteban jeltzalea. Indak, hauei erantzutean, Aitorren deiturari erreparatu dio: “Ni tú, Uxue Barcos ni tú Aitor Esteban, que tienes apellido maketo, me vais a decir a mí por dónde me puedo mover en España”. Estebanek ohi bezain neurritsu eta zorrotz erantzun dio: Es significativo que en esta sectaria Euskadi nadie me haya dicho nunca que tengo un apellido maketo, y que estos antirracistas adalides de España y de los valores universales me lo repitan constantemente”. Eduardo Inda Arriaga hemengoxea da, iruindarra da. Euskal Herria bere eskas eta guzti da Euskal Herri.